Bihar onartuko ditu udalak Basque Culinary Centerren eraikin berria egiteko lanak
Udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean onartuko ditu bihar Basque Culinary Centerren (BCC) eraikin berria egiteko lanak. Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikina azaroan eraikitzen hasteko asmoa dute, eta hori egin ahal izateko ezinbesteko urratsa da biharkoa.
Eraikinak 26 milioi euroko aurrekontua du, baina BCCk bi milioi soilik jarriko ditu —hemezortzi milioi Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu, eta sei miloi Gipuzkoako Foru Aldundiak—. Donostiako Udalak ez du dirurik jarriko zuzenean, baina bai zeharka, eremu horretako erabilera doan esleitu baitio BCCri.
Uliako Auzo Elkartearen erantzuna
Egoera horren aurrean, Uliako Auzo Elkartea kexu agertu da, eta jarduerak antolatzen jarraitzen du. Asteazken honetan hitzaldia antolatu dute Okendo Kultur Etxean, 19:00etan, Groseko eta Uliako eremu libreen eta berdeen inguruan.
Era berean, EAJren eta PSE-EEren hitz egiteko borondate eza salatu dute: “Saiatu gara, aktiboki eta pasiboki, udal talde horietara hurbiltzen. […] Ez dago ardura dutenekin harremanetan jartzeko modurik”.
Ildo horretatik, PSE-EErengan jarri nahi izan dute arreta, auzo elkartearen esanetan, alderdi horrek baitauka “Manteoko eta Zemoriako parkeak salbatzeko giltza, bere hurbiltasun ideologiko sozialistagatik”. Hori dela eta, ostiral honetarako martxa antolatu dute Manteo-Zemoria parkeak salbatzea zure esku dago, Marisol lelopean. Martxa 19:30ean hasiko da Okendo Kultur Etxetik.