Derbi txuri-urdina
Realaren eta Athleticen arteko gizonezkoen euskal derbia jokatu zen larunbat gauean Anoetan, eta gogoratzeko gau horietako bat izan zen realzaleentzat, txuri-urdinak nagusi izan baitziren hasieratik bukaerara. 30. minutuan aurreratu ziren etxekoak, Le Normanden gol batekin, eta 1-0ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta gutxira, 48. minutuan, Takek bigarrena sartu zuen, eta aulkitik atera berri zen Oiartzabal kapitainak itxi zuen neurketa 66. minutuan, hirugarren golarekin. Partidan ez ezik, Reala ligako sailkapenean ere gailendu zaio Athletici, hiru puntu horiei esker bosgarrenak baitira orain txuri-urdinak, eta seigarrenak zuri-gorriak.
Realeko neskek ere garaipena eskuratu zuten igandean, Betisi etxean 2-1 irabazita. Nerea Eizagirrek sartu zuen lehenengo gola 37. minutuan, baina laster berdindu zuten andaluziarrek, 44. minutuan, Juliaren gol bati esker. Ordea, Sanni Franssik berriz aurreratu zuen talde txuri-urdina 49. minutuan, eta hori izan zen gol erabakigarria.
Eskubaloian, gutxigatik izan bazen ere, garaipena Bera Berarentzat izan zen larunbatean. Porriñoren aurka jokatu zuten etxean, eta 22-20 irabazi zuten. Horrela, ligako sailkapenean gora egiten jarraitzen dute donostiarrek, eta hirugarrenak dira dagoeneko.
Belar hockeyan, Realak denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu zuen larunbatean, Sardineroren etxean argi gailenduta. Hain zuzen ere, 0-5 irabazi zuten txuri-urdinek, Federica Cartaren (bi gol), Lucia Casadoren, Leire Zubizarretaren eta Lara Pampinen golei esker. Denboraldiko lehenengo hiru puntuak lortuta, ligako sailkapeneko bederatzigarrenak dira orain txuri-urdinak.
Izotz hockeyan, bigarren garaipena jarraian lortu zuten Txuri Urdineko neskek igandean, Majadahondaren etxean 1-2 irabazita. Mutilek, aldiz, Majadahondaren aurka galdu zuten etxean: 0-2.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ez du ligako partidarik jokatu asteburuan, baina Olarizu Trofeoa irabazi zuen ostiralean, Araskiri 57-58 irabazita.
Bestalde, igandean Donostiako Maratoi Erdia izan zen hirian, eta 42 herrialdetako 2.200 korrikalarik hartu zuten parte. Abderrahmane Aferdi marokoarra (1:02:56) eta Kantabriako Irene Pelayo (1:14:21) izan ziren nagusi gizonezkoetan eta emakumezkoetan, hurrenez hurren.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala 3 – Athletic 0
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia (lehenengoa jokatzeke dago oraindik, grebarengatik)
- Reala 2 – Betis 1
Eskubaloia
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Bera Bera 22 – Porriño 20
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Sardinero 0 – Reala 5
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Majadahonda 1 – Txuri Urdin 2
Gizonezkoen liga, 2. jardunaldia
- Txuri Urdin 0 – Majadahonda 2
Saskibaloia
Olarizu Trofeoa
- Araski 57 – Ibaeta Basket 58