Gipuzkoako Correoseko garbitzaileak hamalau eguneko greba hasi dute gaur
Correosek azpikontratatua duen Limpiezas J.Cordoba enpresako langileak “nekatuta” daude eta neurriak aldarrikatu dituzte egun bizi duten egoera itogarritik ateratzeko. Enpresa horrek 41 langile ditu Gipuzkoan (horien %96 emakumezkoak) eta adierazi dutenez, hasieratik arazoak izan ditu langileekin, azken hauek atzerapenarekin jaso baitituzte soldatak. Azken hilabeteetan baina, langileen egoerak okerrera egin duela azaldu dute, uztailetik ez baitute ez soldata, ezta uztaileko aparteko ordainsaririk jaso. Salatu dutenez, gainera, denbora tarte horretan ez da inolako bilerarik egon porrot egin duen enpresarekin, ezta Correos taldearekin ere: “Ez dira gure eskaerak kontuan hartu eta ez da inolako negoziaziorik egon. Erantzukizunak eskatzen ditugu”.
“Utzikeria” horren aurrean, grebara joateko erabakia hartu dute gaurtik hilaren 15era bitarte, “Correos egoeraren garrantziaz jabetu eta soldatak ordaintzera behartua ikusten den arte”. Izan ere, langileentzat ulertezina da euren soldata ez jasotzea, Correos azpikontratatutako enpresa ordaintzen jarraitzen duen bitartean. Gauzak horrela, Correos taldearekin elkartzea eskatzen dute, euren azalpenez gain, “zor dituen soldata guztiak dagokizion interesekin ordaintzeko”. Adierazi dute, halaber, egungo kontratua bertan behera utz dezala eskatuko diotela taldeari, eta neurri duinak bermatzen dituen baldintza orria berridatzi dezala.