Hainbat artistek bertako zaporea irudikatuko dute ostiralean, Arcco merkataritza zentroan
Zuzeneko artea, musika, postu komertzialak, janaria eta edaria bilduko dira urriaren 6an, ostirala, Arcco merkatal zentroan, Bertako zaporea margotzen izeneko jardueran. Antolatzaileek adierazi dutenez, kalea, ingurunea eta, kasu honetan, Arccoko merkataritza gunea dinamizatzea helburu duen ekimena da, eta tokiko markei, bertako saltokiei eta artistei ikusgarritasuna ematea helburu du. Donostiako Udalak, San Sebastian Shopsek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean antolatutako egitasmoa da.
Artista gonbidatuek, egunean zehar, tamaina handiko mihise batzuetan, beren sormenari bide emango diote, beraientzat tokiko zaporeak, bertako produktuek, gure tradizioak eta sukaldaritzako kulturak duten esanahia azaltzeko.
Erakusketa horiekin batera, Arcco merkataritza zentroko lehenengo solairuan, tokiko marken merkataritza postuak dituen merkatua egongo da, askotariko produktuak eskainiko dituena. Gainera, zuzeneko hainbat musika emanaldik merkatua girotu eta dinamizatuko dute.
Azoka 11:00etatik 20:00etara izango da zabalik.
Artista gonbidatuak eta musika
Honako artista hauek gonbidatu dituzte bertako zaporea “margotzeko”: James The Mingo Line, Ione Larrañaga, Ane Oa eta Gorka Soto. Aldiz, honako Dj eta musikariak arituko dira eguna girotzen: Iñigo Garciarena Dj-a, Maria Isabel Dj-a, Karlos & Xabi eta Eider & Unax.
Merkataritza postuak
Merkataritza postuei dagokionez, honako saltoki hauen produktuak izango dira azokan: Baxur, Bolsos Lainer, Emi artesania, Amagi, Ame 13 estudio, Control 23, Donostia republic eta Botelli.