Hirian salatutako azken sexu erasoak gaitzetsi ditu udalak
Joan den astean, Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, abuztutik hona gutxienez hamabost emakumeri ukitzeak egitea leporatuta. Horren aurrean, Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat atera du, erasoak gaitzetsiz. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ustez, Antiguatik bizikletan zihoala erasotzen zituen emakumeak, eta ukitu ondoren bizikletan alde egiten zuen.
Udalak “eskerrak” eman dizkie erasoak pairatu dituzten emakumeei salaketak jartzeagatik: “Mota hauetako erasoei garrantzia kentzen badiegu egoera normalizatu legez barneratzen dira gizartean eta ez dira onargarriak. Adierazi nahi dugu udal zerbitzu desberdinak daudela egoera hauei aurre egiteko eta indarkeria matxisten aurren prebentzioa lantzeko eta aurre egiteko, hala Emakumeen Etxean edo Gizarte Ekintzako zerbitzuak”.
Horrela, matxismoaren aurka lan egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du udalak adierazpenean: “Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Heziketa afektibo sexuala lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko indarkeria matxistarik gabeko bizitzen alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”.