Jose Ignazio 'Piter' Ansorenak erretiroa hartu du
Jose Ignazio Piter Ansorena Miner txistulari donostiarrak erretiroa hartu du, eta igandean eskaini zuen bere azken kontzertua Donostiako Udaleko Txistulari Bandarekin. Bandako zuzendaria izan da azken hamarkadotan, eta euskal musika tradizionalaren ikerketan ere ibilbide luzea egin du. Horrez gain, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo hirukotean ibilbide oparoa egin zuen, Mirri pailazoaren rolean.
Agur ekitaldi diskretua izan zen Ansorenarena, bandaren iganderoko kontzertuen ikasturte hasierarekin bat eginez. Gainera, larunbat honetan (hilak 7) Donostian antolatu duten Dantzari Egunaren atariko gisa, euskal dantzei eskaini zieten igandeko kontzertua, eta, besteak beste, Goizaldi dantza taldekoek hartu zuten parte, taldearen 75. urteurrenaren ospakizunen barruan.
Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Ansorenaren ibilbidea aitortu zuten sare sozialetan:
50 urteko ibilbidea hiriko kultura eta ondarea biziarazten. Eta beste arlo askotan erreferente, bidegile eta maixu. Eskerrik asko Piter Ansorena Miner.#Donostia @DSSMusikaEskola pic.twitter.com/5JbsoCcW6f
— Jon Insausti Maisterrena (@jon_insausti) October 1, 2023
Jose Inazio Ansorena txistulari eta musikari handiak erretiroa hartu du. Kostituzio enparantzan Donostiako udal txistulari taldearekin emandako saioa izan du azkena profesional modura. Seguru oraindik ere izango dugula bere berri musika eta iritziaren bitartez. Zorionak Piter! pic.twitter.com/Ejib03vxQE
— Bingen Zupiria (@ZupiriaB) October 1, 2023