Okil beltz bat bistaratu dute Zubietan
Zubietan “ezusteko bisita” bat jaso dutela adierazi du Itsas Enara elkarteak sare sozialetan; izan ere, okil beltz bat grabatu ahal izan dute ugaztunen jarraipenerako kamera baten bidez. Elkartearen arabera, Gipuzkoan okil beltza (Dryocopus martius) “gero eta hedatuago” dagoen espeziea da.
Txoriak.eus atariaren arabera, Euskal Herrian ditugun zazpi okil espezietik handiena da okil beltza. “Beharbada, baita ikusgarriena ere, bere luma beltz-beltzaz eta gangar gorri biziaz. Ia-ia bele baten neurrikoa da, eta ikusgarria da zuhaitz-gerrietan gora eskalatzen ikustea. Gainontzeko okilak baino lerden eta dotoreagoa ere bada, jarrera tenteagoarekin eta lepo fin luzeagoarekin. Zalapartari samarra ere bada bere joan-etorrietan, eta ikusi ez ezik, entzun ere sarri entzungo dugu”, azaldu dute webgune horretan.
Okil beltzak Eurasian barrena hedatuta badaude ere, duela gutxira arte, populazio txikia zeukan Euskal Herrian. “Azken 30 urteotan, ordea, naturan gutxitan ikusten den hedatze prozesu bizkorra izan du, eta ezezaguna zen eskualdeetara iritsi da”, diote Txoriak.eus-en. Duela gutxira arte “oso zaila” zen okil beltza hemen inguruko basoetan ikustea, Zuberoako eta Nafarroako mendi isolatuetan gordeta bizi baitzen. “Baina azken urteotan nahiko hedapen zabala izan du, eta gero eta arruntagoa da gainontzeko lurraldeetan ere ikustea, baita Bilbo, Baiona edo Donostia bezalako kostaldeko hiriburuetatik gertu ere”, azaldu dute.
Jarraian, Itsas Enara elkarteak Zubietan grabatu duen okil beltza ikus dezakezue:
[eu] Ezusteko bisita ugaztunen jarraipenerako kamera batean, Zubietan (Gipuzkoa). Okil beltza, Gipuzkoan gero eta hedatuagoa dagoen espeziea.
— Itsas Enara Elkartea (@ItsasEnara) September 30, 2023
[es] Visita inesperada en una cámara para seguimiento de mamíferos, en Zubieta. Picamaderos negro, especie en expansión en Gipuzkoa. pic.twitter.com/JPD6enE2GF