Passion for knowledge bueltan da, zientziaz jositako zazpi egunekin
Gaurtik larunbatera bitarte, publiko mota ororentzako jarduera zabala antolatu dute.

Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatuta, 2023ko Passion for Knowledge zientzia jaialdiak zortzi Nobel saridun eta nazioarteko zientzialari entzutetsu ugari bildu ditu, zientzia kultura-jarduera gisa sustatzeko. Besteak beste, Jean-Pierre Sauvage, makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, laserren eremuko ikertzailea; eta Didier Queloz lehen exoplanetaren aurkitzailea izango dira jaialdian.
Antolatzaileek adierazi dutenez, arratsaldez egingo diren hitzaldi nagusiak dira jaialdiaren jarduera bereizgarriena. Hala, Victoria Eugenia Antzokian diziplina askotariko nazioarteko izen handiek fisika kuantikoan, kimikan, biomaterial adimenduan, botanikan edo bioteknologian egin diren aurrerapenen eta eraldaketa prozesuen berri emango dute.
Publiko zabala gerturatzeko asmoz, jarduera anitzez osatutako programazioa egin dute aurten. Batetik, Gazteak erakartzeko asmoz, Bigarren Hezkuntzako ikasleekiko topaketa jendetsuak antolatu dituzte dituzte, eta Streamerren saioak antolatu dituzte zientziaz aritzeko; baita ikerlari gazteentzako dibulgazio saioak ere. Bestetik, Passion Txiki egingo dute asteburuan, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, etxeko txikiei egokitutako jarduerekin.
Aurreko edizioetan egin den moduan, gainera, Bertso Passion ikuskizuna antolatu dute aurten ere, bertsolaritzaren izen nabarmenekin. Hala, asteazkenean, urriak 4, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña egongo dira Victoria Eugenia antzokiaren oholtza gainean.
Jaialdiko jarduera guztiak doakoak izango dira eta jaialdiaren webgunean eta EITBren Youtubeko kanlaean egongo dira ikusgai.