Pentsiodunak bueltan dira kalean, adinekoen baldintzak aldarrikatzeko
Pentsiodunek gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eta zainketa sistema publikoaren beharra aldarrikatu dute.
Adinekoen nazioarteko egunaren biharamunean, ehunka pentsiodun kalera irten dira, herritarren eskubideak adinarekin iraungitzen ez direla aldarrikatzeko. Udako etenaldiaren ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Elkartea (EHPM) eta egoitzetako senitartekoen elkarteek bat egin dute, eta gainerako hiriburuetan egin duten moduan, Donostian ere hasiera eman diote astelehenetako mobilizazioei. Hala, Udaletxetik, Foru Aldundira egindako lehen manifestazio honetan, idatzi bat helarazi diote Eider Mendoza diputatu nagusiari, euren eskubideak mahai gainean jarriko dituen bilera bat eskatzeko:”Gizarte eragile garen aldetik, herritarren ordezkaritzan parte hartu behar dugu”.
Mobilizazioaren ostean, Maria Serrano eta Karlos Etxeberriak hartu dute hitza, eta adierazi dute “foru aldundiek eta gobernuek autokonplazentziazko diskurtsoak” egiten jarraitzen dutela, horren atzean dauden “arazoak ezkutatzeko”. Salatu dutenez, arazo horien baitan daude pentsiodunen pobretzea eta zainketa sistemaren gainbehera. Izan ere, egungo pentsioekin eta bizi kostuaren igoerarekin, adineko askok ezinezko dute oinarrizko bizi baldintzak bermatzea: “EAEn eta Nafarroan 200.000 pentsiodun baino gehiago 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioekin bizi dira. Pentsiodun adinduek gero eta zailtasun gehiago dituzte elikadura, sendagaiak eta etxebizitza baldintza kimatiko eta mugikortasun egokian eskuratzeko”.
Horiek horrela, hurrengo eskaerak egin dituzte: galdutako eros ahalmena berreskuratzeko gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzea;mendekotasuna artatzeko sistema publiko hurbil eta kalitatezkoa garatzea; eta EAEn, egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa aldatzea, horren inguruko eztabaidan, gizarte eragileen parte hartzea bermatu ostean.
Hona hemen manifestazioko irudiak: