Bukatu dituzte Marañon Doktorearen pasealekuko lanak
Ia bost hilabeteren ondoren, bukatu dituzte Aieteko Marañon Doktorearen pasealekuko lanak, eta bidea ireki dute dagoeneko. Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, 320.478,33 euroko kostua izan dute lanek orotara.
Espaloien egoera eta irisgarritasuna hobetzea izan da lanen xedea. Hain zuzen ere, zeresana eman du proiektuak, lanak bertan behera utzi baitzituzten maiatzean, Lantxabe auzo elkarteko bizilagunen kexengatik. Izan ere, Jauregi kalearen eta Goiko Galtzada Berri kaleen artean noranzko bat kentzea aurreikusi zuen udalak hasiera batean.
Azkenean, ordea, zirkulazioaren bi noranzkoak mantendu dituzte, bizilagunen eskaera aintzat hartuta. Horrekin batera, espaloian ere esku hartzea egin dute, espaloia zabalduz eta zuhaitz egokiak landatuz. Izan ere, lehen zeuden zuhaitzekin, espazio gutxi zegoen espaloitik igarotzeko.