Garai bateko Kanpandorre Atearen eta udaletxearen irudikapen grafikoak, panel gardenetan
Arkitekturaren Nazioarteko Eguna ospatu zen urriaren 2an, eta horren harira, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren (EHAEO) Gipuzkoako ordezkaritzak donostiarrei iraganera bidaiatzeko aukera eman nahi izan die. Izan ere, panel garden batzuen gainean marraztutako irudikapen grafiko bati esker, herritarrek dagoeneko desagertuta dauden bi eraikin nolakoak ziren ikusi ahal izango dute: Kanpandorre Atea (Koruko Santa Maria basilikaren ondoan) eta udaletxea eta Plaza Berria (Plaza Berrian). Panelak urriak 31 arte egongo dira kokaleku horietan.
EHAEOko Ondare batzordeak abiatu du 1813 baino lehenagoko Donostiako Parte Zaharraren errealitatea proiektua, eta irudikapen grafiko horien bidez, herritarrek eraikin horien ikuspegi gainjarria lortuko dute jatorrizko lekuan. Horrela, dagoeneko desagertuta dauden eraikin ikoniko horien adierazgarritasuna ezagutu ahal izango dute.
Proiektua aurkezten aritu dira astearte honetan Jose Javier Pi Chevrot, EHAEOko Ondarearen batzordeko kidea; Unai Sarasola, Donostia 1813 proiektuaren sortzailea, eta Juana Otxoa-Errarte, Gipuzkoako EHAEOko lehendakaria. Lehen geldialdia Plaza Berrian egin dute, eta lehengo udaletxearen inguruko nondik norakoak azaldu ditu Pi Chevrotek. “Hau da Plaza Berriaren jatorria. Mugarri bat izan zen Donostiako hirigintzan, eta oso azkar eraiki zuten, 1715 eta 1722 bitartean. Hiria erre zutenean, 1813an, askoz denbora gehiago behar izan zuten plaza hau berreraikitzeko. Plaza Berria, donostiar hirigintzaren historia aztertzeko garaian, gertaera garrantzitsuena da. Parekorik gabeko hirigintza lana izan zen. Plaza militarra zenez, erregearen baimena behar zen plaza eraikitzeko, baina udalak baimen hori gabe erabaki zuen eraikitzea”, azaldu du Pi Chevrotek.
Eraikina egiteko Ercole Torelli arkitekto, ingeniari eta matematikari italiarrari deitu zioten. “Torelli Donostiaz maitemindu zen, bertako emakume batekin ezkondu zen, eta Mirakontxa dagoen tokian bizi ziren, Okariz etxean. Berak egin zituen jauregia eta plaza berria”, zehaztu du Pi Chevrotek. Bere ustez, “oso plaza polita” da, eta bere garaian, soilik hiru balkoi luze zituen. “Hori zoragarria zen garai horretan. Udaletxea inguratzen zuen U hori barrokoa zen, baina oso barroko fina, italiarra. Seguruenik, Gian Lorenzo Berniniren eskolakoa zen, Italiako arkitektura eskolarik onenekoa. Beraz, oso influentzia artistiko garrantzitsua zeukan, eta horrek eragina izan zuen Gipuzkoa osoan”, adierazi du. Pi Chevroten arabera, Gipuzkoako udaletxe askok imitatu dute Plaza Berriko eraikin hau: Oñatik, Arrasatek, Asteasuk… “Donostia arte arkitektoniko internazionalaren alaba zen”, nabarmendu du.
1813an Donostia erre ostean, Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoak berregin zuen Plaza Berria. “Ugartemendiak plaza oktogonal bat egin nahi izan zuen, baina bere proposamena alde batera utzi zuten, donostiarrek plaza hau asko maite zutelako. Oso ondo funtzionatzen zuen, eta hala jarraitzen du gaur egun ere”, nabarmendu du. Momentu horretan modan zegoen neoklasizismoa, eta, beraz, aldea dago lehengo eraikin barrokoarekin: “Neoklasizismoa Frantziatik dator, eta beraz, eraikinaren beste bertsio bat sortu zuen Ugartemendiak”.
Gaur egungo eraikinak –Udal Liburutegia– lehengoaren leku bera hartzen du, nahiz eta goiko aldea pixka bat desberdina izan. “Lehen, egongela bat zuen goian, alboetatik ikusten zena, eta hiriaren armarria zeukan orain erlojua dagoen tokian. Armarria erlojuaren gainean dago orain. Lehen ez zegoen erlojurik, eta bi estatua zeuden, zuhurtzia eta justizia irudikatzen zituztenak. Bi irudi horiek udaletxe askotan zeuden, Amsterdamen adibidez, eta Baionan ere badute”, azaldu du Pi Chevrotek. Bere ustez, jendeak uste du plaza hau Ugartemendiak egin zuela, “baina kontuan izan behar da 100 urte lehenago ere existitu zela”.
Kanpandorre Atea
Plaza Berrian egon ostean, Koruko Santa Maria basilikaren ondora abiatu da txangoa, bertan baitago bigarren panela. Kanpandorre Atea Erdi Arokoa da, gutxi gorabehera, XIII. edo XIV. mendekoa. Gotikoa zen, eta 1817ra arte egon zen bertan. “Erdi Aroko Donostiako ikonoa zen, eta puntu gailen batean zegoen, Trinitate kale luzeak (gaur egungo Kanpandegi eta Abuztuaren 31 kaleek osatua) osatzen zuen angelu zuzenaren ertzean. Gaztelubideren atzean dagoen harresiaren parte zen, eta Santa Mariako ateak porturantz ematen zuen”, zehaztu du Pi Chevrotek.
Kanpandorre Atea ez zen 1813ko sutean birrindu. “Ingelesen erasoan goialdeko gezia erori zitzaion. Kanpai jolea kexatu egin zen ura sartzen zelako, eta udaletxeari konpontzeko eskatu zion. Aurrekontu bat prestatu zuten horretarako, baina Ugartemendiak esan zuen bota egin behar zela. Izan ere, XVII. mendean lurrikarek eragindako hainbat pitzadura zituen”, azaldu du.
EHAEOko kideen arabera, azken urteetan 1813ko Donostiaren berreraikitze birtual bat egin dute, “eta dorrea da elementu ezezagunetako bat jendearentzat”. Beraien lanari esker, ordea, urrian zehar ederki ezagutu ahal izango da nolakoak ziren eraikin horiek.