Gure bazterretako txiki handiak
Txano zuri-gorria, eta enborra marroi. Haurrei perretxikoak marrazteko eskatuz gero, halaxe marraztuko dituzte. Helduok ere, agian, halaxe marraztuko genituzke. Loiola auzoan galdetuz gero, desberdin egingo dituzte, akaso. Handiak, txikiak, borobilak. Ohituta daude, dagoeneko, perretxiko eta onddo espezie desberdinak ikustera, urtero antolatzen baititu Loiolatarra elkarteak Mikologia Jardunaldiak auzoan. 24. aldia da aurtengoa, eta irailaren 11n hasi eta pasa den igandean bukatu ziren, auzotarren ustetan Loiolarentzat “urteko egunik politenetariko bat” den itxiera ekitaldiarekin.
08:00etatik ibili ziren Loiolatarrakoak bueltaka, Latsarien plazan barrena, dena prestatzen. 180 onddo eta perretxiko espezie bildu dituzte aurten, eta plaza erdian jarri zituzten ikusgai, erakusketa handi bat osatuz: jangarriak, parasitoak, sinbiotikoak, pozoitsuak, hilgarriak… halaber, tamaina handia dutenak dira jendearen arreta bereganatzen dutenak. Sei kiloko perretxiko bat jarri zuten ikusgai aurten erakusketan, esaterako: “Pozoitsuek, adibidez, arreta deitzen diote jendeari baina gehien ikusten direnak dira gehien komentatzen direnak”, adierazi zuen Patxi Lagok, elkarteko Mikologia Batzordeko kideak. Beraiek eta auzoko kultur etxeko mikologia ikastaroetan parte hartzen duten kolaboratzaileek hartzen dituzte erakusketarako perretxikoak, baina eguna pasatu eta gero, gutxi batzuk soilik salbatzen dira: “Jangarriak diren batzuk gordetzen ditugu normalean, baina beste guztiak bota egiten ditugu”.
Jai giroan murgilduta egon zen auzoa 10:30etik, eguraldia lagun. Hala ere, jende gutxirekin egin zuten topo aurten antolatzaileek: “Urtero beste jardueraren batekin bat egiten du egunak, eta aurten Kilometroak ospatu dira Errenterian. Zorte txarra eduki dugu alde horretatik”, adierazi zuen Lagok. Hala ere, egon zen perretxiko erakusketa ikustera gerturatu zenik, eta, bide batez, plaza bete zuten Euskal Herriko zenbait zonatako postuetan erosteko geldialditxoa egin zuten: artisau kontserba, gazta, barazki, txorizo eta piperrauts postuak izan ziren gehien nabarmendu zirenak, baina Kilometroak gertu ospatu izana nabaritu dela aitortu zuten saltzaileek ere: “Gogor jo du salmentetan”. Erakusketa eta postuez gain, haurrentzako puzgarriak eta pintura tailerra ere egon ziren, auzoko txikienek ere festaz disfruta zezaten.
Eguna esperientzia gastronomiko ere izan zitekeen: plater nagusia, Euskal Herriko edozein festatan gertatzen den moduan, taloak. Segurako talogileek plazaren bazter batean muntatu zuten postua, eta, betiko taloak eskaintzeaz gain, perretxiko taloekin animatu ziren, tradizioa alde batera utzi eta berezitasunari eutsiz. Postrea, ordea, Mallabiko Mañeko artisau gozo dendaren eskutik iritsi zen auzora: artisau erroskilla, ogia eta pastelak, egunari ukitu gozo bat emateko. Hori guztia, jardunaldietan ohikoak diren eta plazan bertan erretzen dituzten Nafarroako piperren usainak ingurua zipriztintzen zuen bitartean.
Auzoko tabernak itxita egon ohi dira igandeetan, baina batzuek irekitzea erabaki zuten, auzoan dagoen giro “sano eta ederrarengatik”. Perretxiko jai bat ez delako inoiz izan hain berezia. Loiolan badakitelako Euskal Herriko bazterretako altxorrak nola zaindu, nola ikasi eta nola erakutsi. Badakite zeintzuk diren bertako zapore eta usainik gozoenak. Dagoeneko koloretakoak marraztuko ditugu denok perretxikoak, baldin eta, horiek ezagutzera gerturatzen bagara. Udazkena koloretakoa da Loiolan urtero, eta pozez itzuliko dira Loiolatarrakoak inguruko mendietara, datorren urteari begira.