Hiru Hondartzetako Krosa korrituko da igandean
Igande honetan, hilak 8, XXXIII. Hiru Hondartzetako Krosa egingo da. Hamar kilometroko lasterketa da, eta, izenak iradokitzen duen moduan, ibilbidean zehar Donostiako hiru hondartzetatik igarotzen da; lasterketak Ondarretan ditu irteera eta helmuga guneak.
Aurten, 3.164 korrikalarik eman dute izena, horietako %44 emakumeak (1.400 inguru). Probaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, emakumeen parte hartze handiena duen herri lasterketa da. Korrikalari gehienek 25 eta 44 urte artean dituzte, horiek osatzen baitute parte hartzaile kopuruaren %60.
Begisare elkarteari aitortza
Bestalde, krosak korrikalarien izen emateetatik diru kopuru bat ematen dio urtero Gipuzkoako elkarte edo fundazio bati, eta antolatzaileek jakinarazi dute aurtengo edizioan Begisare elkarteari emango diola, “ikusmen txikia edo itsutasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko” lan egiteagatik. Erretinako distrofia hereditarioa dutenei ematen die laguntza elkarteak.