Parte Zaharreko anbulatorioaren egoera salatu du auzo elkarteak
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak auzoko anbulatorioaren egoera txarra salatu du, eta nabarmendu du “Osakidetzak maila orokorrean duen arazoaren beste adibide bat” dela. Zehazki, medikuak falta direla azaldu du auzo elkarteak: “Irailaren 29rako hitzordua zuten familiako bi medikuren pazienteei (lanaldi erdian daude plaza bat betetzen) urriaren 16ra arte atzeratu diete zita. Nola liteke? Azalpena erraza da: urriaren 16an plazaren mediku titularrak kargua hartuko du; plaza betetzen aritu direnek oporrak hartu behar dituzte kontratuak amaitu aurretik, eta Osakidetzak ez du inor kontratatuko hutsik dauden egunak betetzeko. Kontsultak eten eta atzeratu egiten dira”.
Horrez gain, salatu dute anbulatorioko bi mediku daudela bajan, baina Osakidetzak soilik ordezko bat kontratatu duela: “Bi mediku ere oporretan daude eta horien plazak ere ez dira bete (lanaldi erdiko bi medikuez gain, horien kontratua amaitzear baitago). Ondorioz, goizeko lau medikuek arratsaldez ordu estrak egiten dituzte, beren ordutegitik kanpo, zuloak estaltzeko”.
Parte Zaharrekoa kasu isolatua ez denaren jakitun, osasungintza publikoaren aldeko plataformek deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta iragarri dute Parte Zaharrean Bizik Donostiakoarekin bat egingo duela, azaroaren 11n.