TOPA! jaialdia egingo dute Tabakaleran, Goserik Eza egitasmoa ospatzeko
Sei hilabete pasa dira, Kutxa Fundazioaren eta eta Arantzazulaben Hitzetik -Ekintzetara egitasmoa aurkeztu zutela eta lehen edizioaren azken fase horretan, gizarteak erronka sozialetan duen inplikazioa ospatu nahi izan dute. Hala, proiektuko eragile eta antolatzaileekin egitarau zabala antolatu dute urriaren 20an, Kutxa Fundazioa Plazan (Tabakalerako 4. solairuan). Antolatzaileek azaldu dutenez, “norbanako askoren ekarpenak batuta, eraldaketa posible dela agerian utzi du aurtengo lehen ekitaldiak”.
Programazioari dagokionez, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren irudiak biltzen dituen erakusketa aurkeztuko da, eta Cocina de Guerrilla kolektiboak Zertan gatza! ekintza parte-hartzailea egingo du. Proposamen honen bitartez, gatzak bizilagunen bizitzan izan duen funtzioaren inguruan hausnartzera gonbidatuko ditu parte hartzaileak. Gatza, hain zuzen, emanaldiko ikur garrantzitsua izango da eta modu sinbolikoan erabiliko da publikoarekiko hartu emanean.
Jarraian, “elikagai interzeptatuen” sukaldaritza tailerra egingo da The Languages of Energy elkartearen eskutik, eta ondoren, Dani Lasak, IMAGO gai gastronomikoetako sukaldariak, hitzaldi eskainiko du. Azkenik, Broken Brothers Brass Band talde nafarraren musika emanaldiarekin amaituko dute ekitaldia. .
Proiektuaren parte izan diren 23 eragileei, antolatzaileei eta jardueretan parte hartu duten herritarrei zuzendutako jaialdia izango da TOPA!, eta Hitzetatik – Ekintzetara egitasmoko parte hartzaileetatik harago, egitasmoa ezagutzeko interesa duten herritarrak ere ongietorriak izango direla adierazi dute. Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango du; beraz, beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea.