Zubietako erraustegian sutea piztu da azken orduetan
Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, astelehen arratsaldean sute txiki bat piztu zen Zubietako erraustegian, hondakinak lehortzeko plantan, zehazki. Suhiltzaileek 18:00ak aldera jaso zuten abisua, plantako langileak pilatutako hondakinetatik kea ateratzen ari zela ohartu zirenean.
Alarma pizterakoan, instalazioko segurtasun sistemak berak egin zion aurre suteari, eta ura hondakinen gainera botatzen hasi zen. Hala ere, Donostiako suhiltzaileen taldeak itzali behar izan zuen sutea, bertaratzerakoan. Adierazi dutenez, suhiltzaile talde bat instalazioan geratu zen, garabi batekin hondakinak mugitzen, sua berpiztu ez zedin.
Bosgarren sutea
2020an Zubietako erraustegia martxan jarri zenetik, bost sute izan dituela salatu du GuraSOS taldeak. Joan den uztailean izan zen azkena, bolumen handiko hondakinen birrinketa hobian su hartzeko material bat bota zuten eta.