Biztanleko hondakin gutxiago sortu dira 2022an, aurreko urtearekin alderatuta
Cristina Enea Fundazioak 2022ko Iraunkortasunaren eta Klimaren Txostena aurkeztu du Donostiako Udalean.
Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren bidez egin du txostena, eta klima aldaketaren aurkako borrokaren eta egokitzapenaren ikuspegitik planteatzen da. Gainera, azterlanak beste eremu erabakigarri batzuen informazioa biltzen du Donostian bizi diren, bertan lan egin edo bisitatzen duten haien bizi kalitatea eta ongizatea ebaluatzeko. Azterlanak panel bat biltzen du 50etik gora adierazle eta datu garrantzitsurekin, izandako eboluzioa aztertuz eta lortutako informazioari buruz hausnarketa bat eginez.
Datu nabarmenenak
Txostenaren arabera, hiria hornitzen den uraren kalitateak gorena izaten jarraitzen du: analisien %99,86k izan dituzte emaitza onak. Bestalde, Urumeako uraren kalitatearen analisiei esker, “gero eta hobekuntza handiagoa” ikusten da ingurumen helburuetan, bokaletik hurbilen dauden eremuetan (egoera globalaren sailkapena ona da Santa Katalinan) eta kostaldean (egoera globalaren sailkapena ona da Monpasen); “hala ere, ibaiaren erdiko tartean, Loiolako eta Santa Katalinako zubien artean, egindako analisiek erakusten dute beherakadak daudela oraindik uraren kalitatearen indizeetan (egoera globalaren sailkapena ona baino okerragoa da Loiolan)”, zehaztu dute.
Mugikortasunaren esparruan, 2022 urteak erakusten du “suspertze zantzuak” daudela garraio publikoaren erabileran, aurreko urteetako pandemia egoeraren murrizketen eta baldintzatzaileen ondorioz izandako beherakada nabarmenaren ondoren: hirian egiten diren joan-etorrietan garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen kopuruak erritmo onean suspertzen ari den zantzuak erakusten ditu. “Guztira 29.836.313 bidaia egin dira hiriaren barruan, Dbus, Lurraldebus, EuskoTren eta Renfe bidez, urtean 158 bidaia egin dira biztanle bakoitzeko, eta 2019an 179 izan ziren”, azaldu dute.
Horrez gain, bizikletaren erabilerak “gorakada nabarmena” izan du pandemiaren ondoren: egunero 28.262 joan-etorri egin dira batez beste bizikletaz, hau da, 2019an baino %30 gehiago; “azken bi urte hauetan izandako gorakada handia sendotu” egin dela ondorioztatu dute.
Energiaren kontsumoari eta ekoizpenari dagokienez, kontsumo elektrikoak behera egin du zerbait (%2) 2020an izandako beherakada nabarmenaren ondoren (%5,9), eta urteko batez besteko kontsumoa 3.439 kWh da biztanleko, 2020an pandemiak eragindako murrizketa handienekin erregistratutako kontsumoaren azpitik.
Hondakinen eremuan, 2022an, 2021 urtearekin alderatuta %1,4 gutxiago izan da sortutako hondakinen kopurua, eta 446 kilo sortu dira biztanleko urtean. “2019. urtearekin alderatuta (urte hartan biztanleko 488 kilo hondakin sortu ziren), 2022an 7,7 milioi kilo hondakin gutxiago sortu dira”, nabarmendu dute.