Emakumezkoen pilotako Hiru Hiriburuak txapelketaren finalerdiak jokatuko dira igandean
Hiru Hiriburuak emakumezkoen esku pilota txapelketaren bigarren edizioa egingo dute igandean, urriaren 8an, Atano III frontoian. Txapelketa hiru asteburutan egingo da jarraian, hiriburu batean asteburu bakoitzean. Hala, aurten, final zortzirenak Gasteizko Beti Jai frontoian jokatu ziren, urriaren 1ean; finalerdiak Donostian, Atano III frontoian, urriaren 8an; eta finala, oraingoan, Bilboko Bizkaia frontoian, urriaren 15ean.
Txapelketa bost kategoriatan banatzen da: gazteak eta seniorrak pilota goxoan; eta gazteak, promesak eta eliteak pilota mistoan. Edizio honetan 64 pilotarik eman dute izena. Iazko Eliteko txapeldunak Arrizabalaga-Capellan izan ziren, baina, aurten, txapela bakoitza bere aldetik defendatzen saiatu beharko dira. Elite kategorian lehiatuko diren bikoteak Arraiza-Oses, Arrizabalaga-Erasun, Garai-Arrillaga, Etxegarai-Capellan, Beitia-Gaminde, Aldai-Bergara eta Zabaleta-Mendizabal izango dira.
Emakume Master Cup zirkuituaren barnean dago Hiru Hiriburuak txapelketa, eta bertan izena emateko borondatea adierazi duten pilotari guztiek parte hartuko dute. Txapelketako sariak honako hauek dira Elite kategorian: 1.000 euro txapeldun bakoitzarentzat eta 500 euro txapeldunorde bakoitzarentzat.