Gaur hasi den «euskararen aurkako epaiketa» salatu du LABek
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur (hilak 4) Donostiako Justizia Jauregian, asteazken honetan “euskararen aurkako beste epaiketa bat” hasi dela salatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 68 egonkortze prozesu ditu abian, eta horietako biri CCOO sindikatuak helegitea jarri die auzitegian, bertan eskatzen den hizkuntz eskakizuna gehiegizkotzat jota —bigarren hizkuntz eskakizuna eskatzen dute—. Gogoan izan behar da martxoan EAEko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuela Aldundiak euskararen ezagutza aintzat hartzea Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan.
Gaur hasi den epaiketa zaintzaileen egonkortze prozesuari dagokiona da. Bigarren epaiketa jantokiko garbiketa langileena izango da, eta horri abenduaren 13an ekingo zaio. LAB sindikatuko Edurne Lizasoren arabera, “euskararen aurkako beste eraso bat” da gaurkoa, epaileak helegitea aintzat hartuz gero herritarrei euren hizkuntz eskubideak urratuko baitzaizkie. Langileek euren lanpostuan euskaraz aritzeko eskubidea ere urratuko litzateke, sindikatu abertzalearen arabera.
Oraingoz, bi egonkortze prozesuri jarri die helegitea CCOOk, baina LABek gehiago etor daitezkeela ohartarazi du: “CCOOk esan du, ikusita egonkortze prozesu guztietan hizkuntz eskakizuna dagoela, epaitegien bidea hartuko duela”. Horren aurrean, sindikatuak “planto” egingo duela esan du Lizasok. Gainera, “estrategia orokorrago baten parte” ikusten du hori guztia LABek, eta deitoratu du 68 egonkortze prozesu abian egonda ere, CCOOk maila baxueneko eta feminizatueneko prozesuetan jarri duela arreta.
Horregatik guztiagatik, gaurko epaiketarekin “desadostasuna” azaltzeko egin du elkarretaratzea sindikatu abertzaleak, eta “pena” hartu du prozeduran aurkeztuko diren gainontzeko eragileek eta erakundeek —ELAk, aldundiak eta kaltetutako langile batzuk—sindikatuaren deiarekin bat egin ez izana. Gaurkoaz gain, LABek iragarri du bat egiten duela Kontseiluak azaroaren 4rako hizkuntz eskubideen defentsan Bilbon deitutako manifestazioarekin.
Udaleko bi prozesuren aurkako epaiketa ere, hastear
Era berean, urrian Donostiako Udalak ere gisa bertsuko bi epaiketari aurre egin beharko diela gogoratu du LABek. Hilaren 17an arkitekto baten lanpostua finkatzeko prozesuari dagokiona, eta hilaren 25ean eskoletako zaindariena. Bi kasu horietan, lanpostuek derrigorrezko hizkuntz eskakizunak dituzte.