Zezenak ere aurretik eraman ditu
Reala 0-2 nagusitu zen atzo Salzburgoren aurka, Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldian. Txuri-urdinek lehen zati bikaina jokatu zuten Red Bull Arenan, eta atsedenaldia iristerako bi golak sartuta zituzten dagoeneko. Oiartzabalek egin zuen lehen gola partida hasi eta gutxira, seigarren minutuan, eta Brais Mendezek ordu erdia bete aurretik sartu zuen bigarrena, zelai erditik baloia hartu eta hainbat aurkariri izkin egin ondoren.
Atsedenalditik bueltan hiru aldaketa egin zituen etxeko taldeak, eta orduan gehiago sufritu zuen Realak, bigarren zatiko lehen minutuetan, batik bat. Realaren aurkako penalti bat ere adierazi zuen epaileak, baina jokaldia errepikatuta ikusi ondoren erabakia ezerezean utzi zuen. Hortik aurrera, lasaiago aritu ziren Imanol Alguacilek zuzendutako mutilak, eta sufrimendu askorik gabe eutsi zioten markagailuari.
Bi jardunaldi jokatuta, Txapeldunen Ligako D multzoko lider da Reala, lau punturekin. Inter Milanek ere lau puntu ditu, atzo Benficari 1-0 irabazi ostean.