Asteazkenetik igandera, ordu adina jarduera Martuteneko jaietan
Jai batzordeak dena prest du hilaren 11n hasiko diren festetarako. Kontzertuetan, Gozategi eta Asgarth taldeak nabarmentzen dira. Sagardo Egunean ere, ostegunean, jendea animatzea espero dute.
Datorren asteazkenean lehertuko da txupinazoa Martutenen, eta horrekin batera, igandera arteko egitarauari emango diote hasiera auzoan —bihar jubilatuentzako luntxa antolatu dute 12:00etan, festen iragarle—. Jose Javier Seco Lazaro Txefo jai batzordeko kidea «gogoz» da egun horiek iristeko.
Txefok azaldu duenez, jaiek irauten duten bitartean «ordu guztiak betetzen» saiatzen dira. Horretarako, hamaika jarduera prestatu dituzte, adin eta gustu guztietarako: lehiaketa gastronomikoak, kontzertuak, haur eta gazteentzako jolasak, danborrada, artisau azoka eta abar.
Aurten, Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariek botako dute txupinazoa, denboraldi honetan Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabazi ondoren. 2021eko balentria errepikatu dute aurten Lugañenekoek, baina urte horretan, pandemia zela eta, ezin izan zuten «merezitako omenaldia» jaso, eta aurten arantza hori kentzeko baliatuko dute. Txupinazoa bota ondoren, arraunlariak Martuteneko danborradarekin batera joango dira auzoko kaleetan zehar, aurten irabazitako banderak astintzen dituzten bitartean. «Oso polita iruditzen zaigu jendeak ikustea gure auzoko neskek zer lortu duten», nabarmendu du Txefok.
Hilabete askotako lanaren emaitza
Jai batzordeko kideentzat egun horiek «erotzeko modukoak» izaten direla aitortu du Txefok, «dena ondo ateratzea» nahi dutelako eta horretarako kontrol lanetan ibili behar dutelako: «Ardura puntu izugarria sentitzen dugu. Ahal dugun hoberen egiten saiatzen gara, baina gauzak okertzen badira gaizki pasatzen dugu». Su artifizialak amaitzearekin batera hartzen dute «arnasa», horixe baita jaietako azken jarduera.
Izan ere, ordu asko eskaintzen dizkiete jaietako egitaraua mimoz prestatzeari: «Ez da egitaraua egitea soilik, urtean zehar dirua lortu behar da festetara kontzertu gehiago ekartzeko». Hori dela eta, 27 Industrialdeko enpresetara joaten dira diru eske, eta baita auzoko tabernetara eta dendetara ere. Urtean zehar ere hainbat jarduera antolatzen dituzte gerora «festa polit batzuk» egin ahal izateko: zozketak, loteria, kamisetak eta San Tomas eguna, esaterako. «Udalak ematen duen diru laguntzarekin soilik ezinezkoa da», aipatu du Txefok.
Dena den, lan horrek guztiak bere fruituak eman ditu aurten ere, eta sona handiko kontzertuak egongo dira Martutenen. Urriaren 12an, ostegunez, Asgarth taldeak joko du parkeko karpan. Ostiralean, Laiotz erromeria izango da bertan, eta larunbatean Gozategi. Horrek urtetik urtera «presio puntu bat» gehitzen diela ere aipatu du Txefok, «gero eta lan gehiago» hartzen dutela, urtero iazkoa hobetzeko beharrarekin sentitzen baitira: «Nabaritzen dugu listoia nahiko altu jartzen ari garela». Kontzertuez gain, osteguneko Sagardo Eguna eta larunbateko herri bazkaria nabarmendu nahi izan ditu jai batzordeko kideak.
Bazkarira bertaratzen direnek txuleta eta zapoa jango dute —aukera beganoa ere badago—. Iaz hasi ziren menu hori eskaintzen, eta, arrakasta ikusita, aurten berdina jartzea pentsatu dute: «Hasieran beldurra ematen zigun, baina harrituta geratu ginen: azkenean 300 pertsona elkartu ginen, eta aurten ere uste dut salmenta nahiko ondo dihoala». Bazkarira urtetik urtera gero eta jende gehiago animatzen dela aipatu du Txefok. Bazkariaren ondoren, bingo musikatua egongo da, auzoko gazteek antolatuta.
Hain zuzen, iazko jaietatik gazte batzuk buru-belarri sartu dira jaien antolakuntzan, eta horrek batzordean dauden kide beteranoak poztu ditu, tartean, Txefo bera: «Guk 50 urte inguru dauzkagu, eta erreleboa eman dutenak 20 urte ingurukoak dira. Kontentu gaude egiten ditugun jarduera bakoitzean laguntzeko prest daudelako». Hala ere, batzordean 30 eta 40 urte inguruko jendea ere gustura hartuko luketela aitortu du.
‘Aniztasunaren zuhaitza’ aldarri
Urtero, jai batzordeak urtean zehar auzoan zeresana eman duen gai bat erdigunean jartzen du, eta horri lotutako kamisetak salgai jartzen ditu —aurten, kamisetez gain, poltsak, motxilak, katiluak eta kantinplorak ere salduko dituzte—. Azken urte hauetan askotariko gaiak jorratu dituzte: bullying-aren aurkakoa, sexu erasoen aurkakoa, auzoan kontsumitzearen aldekoa eta abar. Aurtengo gaia Martutene Bizirik plataforma izango da: «Orain dela urte eta erdi sortu zuen neska gazte talde batek, auzoari bultzada emateko eta bertan gertatzen diren hainbat gauza aldarrikatzeko».
Oraintsu berritu da Martuteneko Sarroeta auzo elkartea, eta plataformak sustatutako Martutene Anitza hautagaitzak irabazi zituen hauteskundeak. Hautagaitza hori auzoko zazpi eragilek osatzen zuten —jai batzordea, ikastolako gurasoen elkartea, euskara batzordea, danborrada, Martuteneko gazteak, Martutene Kirol Elkartea eta Martutene Bizirik—. Beraz, aurrerantzean horiek izango dira auzo elkartearen ardura izango dutenak: «Martutene Bizirik plataformak ireki zuen bidea denon artean lan egiteko eta auzoa aurrera ateratzeko».
Hain zuzen, aniztasun horren isla da festetarako salgai jarri dituzten produktuetan erakutsi nahi izan dutena. «Hori goraipatu nahi genuen», adierazi du Txefok. Horretarako, zuhaitz bat irudikatu dute, Aniztasunaren zuhaitza deitu diotena, eta zuhaitz horretan sartzen da Martutenen bizi den askotariko jendea, orotariko sexu, arraza, adin eta orientazio sexualekoa. «Martutene ez da burdin hesien artean bizi den auzoa. Martutene auzo bizia eta koloretsua da. Kultura, aniztasuna eta bizitza ikusteko askotariko moduak biltzen dituen auzoa», adierazi dute jai batzordeko kideek. Hori dela eta, auzotarrei dei egin diete kamisetak eta bestelako produktuak erosi eta festek irauten duten bitartean erabili ditzaten: «Gainontzeko auzoen aurrean gu garen moduan azaltzera animatzen zaituztegu».