Aurpegi zorrotzak, esku zimurtsuak, larruazal hautsiak
O CORNO’
Zuzendaria: Jaione Camborda.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Espainia.
Saila: Sail Ofiziala.
Erditzen ari den emakume baten sufrimendua erakutsiko digute lehen irudiek. Pasarte luze samarra da, Jaione Cambordak patxada handiz hartuko baitu piztear den bizitza berri horri behar besteko denbora eskaintzea. Emakumearen gorputzak pantaila osoa hartuko du, eta minak eragindako mugimenduek eta oihuek babesa aurkituko dute aldamenean prozesua gainbegiratzen ari den Maria protagonistarengan. Bataren zein bestearen eskuek bat egingo dute, eta orduan jaioko da txikia. Amak titia emango dio jaioberriari, eta keinu hau berriz errepikatuko da aurrerantzean, filmari egitura zirkularra eta ziklikoa emanez. Hala, gorputza eta bere errepresentazio zinematografikoa bilakatuko ditu Cambordak O corno filmaren zilbor-heste eta giltzarri.
70eko hamarkadan girotuta, medikuntza moderno eta teknologikoa oraindik ere garatu bidean dagoen garaira eramango gaitu jatorriz donostiarra den zinemagileak; Galizia eta Portugalen arteko mugara, hor non itsasoak eta lur eremuak (bizitzak eta heriotzak) bat egingo duten. Mugak eta ertzak non-nahi, deserriratze baten istorioa da O corno, Mariarena, bereziki; baina baita kolektiboa ere, emakume guztiena. Elkarrekintza bide, horien berezko amatasun gaitasuna eta ahizpatasuna ditu aldarri Cambordak; berauen erabakitzeko eskubidea, gorputzaren jabe izateko askatasuna.
Naturara eta esku-lanera estuki lotutako emakumeak erakutsiko dizkigu donostiarrak errespetu eta sentiberatasun osoz. Izan ere, edertasun estetikoaren tentazioan erori gabe, sentsibilitate gizatiarra arnasten du O corno-k. Maria gidari, bidelagun izango dituen emakumeen emozioetan jarriko du arreta, erakustea beharrezko ez diren ekintzak eta gertaera intimoak gure begiradatik aldenduz, eremuz kanpo utziz.
Denbora etengabe geldituz, zinemagile donostiarrak kamera emakumeon gorputzetara itsatsiko du. Aurpegi zorrotzak, esku zimurtsuak, larruazal hautsiak eta begirada konplizeak paisaia malkartsu eta itogarrian galduko dira, film biziki fisiko eta sarkorra bilakatuz. Magnetikoa, klaustrofobikoa eta hipnotikoa, inonik inora ere.