Donostiako mugak gaindituta
Krisialdi ekologikoa mundu mailakoa da, baina ezinbestekoa den aldaketa sakona hurbilean ez badugu hasten, nekez gertatuko da. Udal gobernuak bide okerretik jarraitzen du, haiek beraien politiken ondorioen salbu baleude bezala. Inozoak dira, baina lotan denok gaude. Esna gaitezen bada!
Planetako mugak gainditu ditugu eta ondorioak zenbaterainokoak izango diren jakiterik ez dago, baina latzak izan daitezke. Bederatzi dira Stockholm Resilience Centre-k identifikaturiko planetaren mugak. Erdigunean, nukleoan, klima eta biodibertsitatea daude, eta, inguruan, aurreko bi horiekin estu lotuta aipaturiko bederatziak daude: klima aldaketa, biosferaren osotasuna, inguruan entitate kimikoak egotea, ozono geruza, aerosol atmosferikoak, ozeanoen azidifikazioa, nitrogenoaren eta fosforoaren ziklo biogeokimikoak eta ur gezaren aldaketak. Ez dira gainditu ozono geruzarena (1990eko hamarkadan gainditu ostean geruza kaltetzen zituzten substantziak debekatu ostean egoera hobetu zen), ozeanoen azidifikazioarena eta ezezagunagoak diren aerosol atmosferikoena.
Lurra autoerregulatzen den sistema konplexu bezain dinamikoa da, eta bertan, bizidun guztiak elkar lotuta gaude. Ama lurrak ez gaitu behar, biosferan bizi gara sinbiosian beste espezieekin, baina jarraitzen dugu funtzionatzen gizakia denen gainetik egongo balitz bezala. Ekologiaren aurretik ekonomia jartzen da, hazkunde etengabeari eutsi nahian. Soilik aipaturiko mugetako bat gainditzeak aldaketa imajinaezinak ekar litzake, eta, honezkero, sei dira gurutzatutako marra gorriak. Mundu mailako arazoa da, zuzentzeko zaila oso, baina ezin gara lobby eta merkatuen zain egon, ezta agintari politikoek arazoa konponduko digutela sinetsi ere. Aldaketa sakonak txikitik handira izan beharko du, pandemia bat bezala zabaltzen den mugimendua. Berandu goaz, esna gaitezen.
Mugarik gabeko Donostia
Udal gobernuko kideek, alkatea buru, proiektu guztien jasangarritasuna saltzen digute harro. Horrela, larrialdi klimatikoa aitortu, aldi berean autoak erdiguneraino sartuta eta aparkaleku pribatu gehiago sustatuz, San Bartolomekoa kasu; merkataritza gune berriak edo zabalkuntzak, nazioarteko online salmentei alfonbra gorria botaz eta etengabe errepide zein lotura berriak eraikiz; dena, jakina, gelditzen den natur apurraren kaltetan. Garberaz ari gara, Marrutxipiko loturaz, Loiola eta Intxaurrondo lotzeko proiektatu nahi dutenaz edo Añorga inguruko lotura berriaz, Belartza 2 erraldoiaren aitzakian. Porlana eta asfaltoa. Ez dute ordea lotsarik izan esateko ezin zutela epean bete hirigunean trafikoa eta abiadurak gutxitzeko agindua, duela hiru urtetik jasota bazuten ere.
Etengabe arazoak dituen erraustegiari (suteak direla, isurketak direla…) «hondakinen balorazio energetikoko instalazioa» deitzen diote. Berde eta polita saldu nahi izan digutena ilunegia suertatu da eta ondorioak berehala antzematen hasi dira, agintariek horiek ezkutatzen saiatu diren arren. Bitartean, Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen herrietako bat; handiena, ordea.
Haien buruei egiten diete tranpa
Beharbada agintari pilitikoek engainatzen gaituztela uste dute. Lurzoruaren artifizializazioa, aldiz, emendatzen doa. Ur sistemetan eragiten dugu kanalizazio berriekin, errekak estaliz eta eremu zabalak iragazkaitz bilakatzen. Lur emankorrenak errepide, industriagune edo kale bilakatu ditugu. Loiolan berriturikoan edo Txomin berrian erraz ikus daiteke. Porlan gehiegi, berde gutxi eta zuhaitz eskasak.
Gobernuko kideek beren buruak engainatzen dituzte denak berdin jarraituko duela uste badute. Haiek bultzatutako politikek beraiek ere pairatuko duten hondamendira garamatzate. Turismoak kutsadura handia dakar soilik garraioetan. Helburu hori dute Manteoko berdegunea suntsituko duen BCC pribatuari zuzendutako funtsek. Unibertsitate eta eskola publikoak ez dituen laguntzak ekimen pribatu honek bai. Proiektu ekosoziala? Gros auzoari berdegune bakarrenetakoa kenduta.
Zenbat inbertitu du biodibertsitatea kontserbatzeko? Hiriko zuhaitzen txorkoetan loretxo batzuk jarrita akaso? Udalak zuhaitz eta landare inbaditzaileak landatzen jarraitzen du, beste batzuk zabaltzen utzirik, plumeroa kasu. Noizko gerriko berde-urdina? Noiz utziko diote naturaguneak okupatzeari? Tematuta daude Belartzarekin. Berdin zaizkie izandako ilegalitate guztiak. Proiektu atzerakoia eta iruzur hutsa da, trafikoa eta kutsadura handituko dituena, balio handiko eremu naturala suntsituz. Dakizuenez, legez kontrako harri pilaketa erraldoia egin zuten, epaitegira eraman genituen, eta, irabazi arren, harriak han daude. Hiru urte baino gehiago epaia bete gabe. Nekane Arzallusek berehala kentzen hasiko zirela agindu zuen duela hamar hilabete. Udalak, ordea, merkataritza gune berri bat eraikitzeko proiektua onartu berri du, ilegala den betelan horren gainean. Arzallusek ez du hitzik, ez lotsarik. Udalak ez du epaia betetzeko asmorik. Horrela ez goaz inora, eta inozoak dira gure agintariak uste badute haiek salbu direla. Maiatzerako, Donostiak kontsumituak zituen urte osorako zegozkion baliabideak, eta gehiago nahi du, baina mugak aspaldi gurutzatu genituen. Esna gaitezen behingoz!