Donostiako Udaleko ordezkaritza batek Japoniara bidaiatuko du, «indarrean dagoen adiskidetza sendotzeko»
Eneko Goia alkateak eta Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik osatuko dute hurrengo astean udaletik Japoniako Marugame eta Taki hirietara joango den ordezkaritza. “Bidaia Japoniako bi hiriekin hartutako konpromisoaren barruan dago, harremanak sendotzeko eta San Sebastian Street Donostiako gastronomia eta kulturari lotutako aisialdi eremua ezagutzeko”, azaldu du udalak.
Ordezkaritza igandean aterako da, eta bere lehen geltokia Marugamen egingo du. Marugame eta Donostia 1990.urteaz geroztik anaituta daude, eta Marugamek 2021ean alkate aldaketa izan zuen. Hortaz, bisitaren helburua da Kyoji Matsunaga alkate berria ezagutzea, bi hirien arteko harremanari buruz hitz egitea, eta aurrez aurre jakinaraztea egun martxan dauden jarduera eta proiektuekin jarraitzeko dagoen interesa.
Marugamera bidaiatu aurretik, Eneko Goia alkateak honakoa esan du: “Masaharu Kaji aurreko alkatearekin izan dugun harreman ona izaten jarraitu nahi dugu alkate berriarekin, eta bi hirientzat oparoa izaten ari den anaitzea sakondu nahi dugu”. Horretarako, Donostiako ordezkaritzak hainbat bilera egingo ditu Marugameko hainbat agintarirekin.
San Sebastian Street
Taki hiria Mie prefekturan dago, Japoniaren erdialdean. Donostia eta Takiren arteko harremana 2017an hasi zen, Yukio Kubo alkateak eta Tetsua Tachibana enpresa-gizonak Donostia bisitatu zutenean. “Tachibanak hiriko gastronomia oso gustuko du, eta bere asmoaren berri ematera etorri zen: Donostiako gastronomia Takin ezagutzera ematea eraikitzen hasia zen aisialdi eremuan”, nabarmendu dute.
Proiektua gauzatzeko hiru taberna eta jatetxerekin akordioa lortu zuen Tachibanak – hain zuzen ere, Aratz, Urola eta Zazpi STMrekin –. Ondorioz, Japoniako hainbat sukaldarik egonaldia egin zuten aipatutako hiru taberna eta jatetxe horietan, bertan egiten dituzten pintxoak eta sukaldaritza sistemak ikasteko eta, ondoren, Takiko aisialdi eremura eramateko, bertara joango ziren pertsonek Donostian egongo balira sentitzeko eta hiriko gastronomia ezagutzera emateko.
Donostiako Udala ekimenari batu zitzaion eta 2018an Kontxako barandako bost zati zahar dohaintzan eman zizkion bi hiriek sinatu zuten Adiskidetza hitzarmenaren seinale, San Sebastian Street eremuak Donostiako nortasunaren isla den baranda izateko.
Aisialdi eremua 2021ean ireki zen, eta 2022an egin zen inaugurazio ofiziala, Aratz, Urola eta Zazpi STMk sukaldariekin. Orduan Donostiako alkate Eneko Goiak ezin izan zuen bertaratu, baina hurrengo astean erantzungo dio Taki hiriak egindako gonbidapenari, eta proiektua ezagutzeko aukera izango du. Horiek horrela honakoa adierazi du: “Gogo handia dugu Donostiako zati txiki hori ezagutzeko. Japoniar askok bisitatzen duten eremua da, eta zalantzarik gabe gure kulturaren enbaxadore bihurtu da”.