Euskal Herriko abesbatzen jardunaldia egingo dute larunbat honetan
Musikenek, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearekin lankidetzan, koruen ekosistema ahalduntzeko jardunaldia antolatu du, bihar, hilak 7. Ponentziak, saio parte hartzaileak eta tailerrak egingo dituzte egun osoan zehar, koruen egoerari buruz hausnartu, eta euskal musikarien, elkarteen eta erakundeen arteko sinergiak sortzeko. Horrez gain, EAEko haur eta gazte abesbatzen taldeei buruzko txostena aurkeztuko da, abesbatza-mugimenduaren errealitatearen balorazio kuantitatiboa eta kualitatiboa jakitera emateko.
Txostenaren egile eta musikaren sustapenean espezialista den Marta Gartziaren arabera, “euskal mugimendu korala, musikaren eta gizarte eta kulturaren esparruan elementu historiko eta estrukturala izan arren, krisi egoeran dago. Krisi honen etiologia askotarikoa eta konplexua da, eta azken hamarkadetan gizarte teknologikoek jasan dituzten aldaketa ugariei lotuta dago”. Aldaketa horien inguruan hausnartzea izango da hain zuzen, jardunaldiaren ardatz nagusienetako bat.
Txostena aurkezteaz gain, in voice 4mpowerment eta Kukubiku kantak proiektuen berri emango dute antolatzaileek. Lehenak, Europako beste herrialde batzuekin elkarlanean, hainbat herrialdeetako abesbatzen testuingurua ezagutaraztea bilatzen du. Bigarrenak, ordea, euskal kantutegiko doinu herrikoiak berreskuratu eta sustatzea du helburu. Azken proiektu horrek, hain zuzen, jardunaldiko amaiera kontzertua eskainiko du Andoaingo Musika Eskolako eta Zumaiako San Pedro abesbatzekin.