Inoiz baino parte hartzaileago datoz Amara Berriko Super Xagu jaiak
Haurrentzako jarduerek, gorputzak astintzeko kontzertuek eta jai egun arrotzei aurre egiteko ekitaldi herrikoiek josiko dute zazpi egunetako festaren egitaraua.
Urteroko legez, «jai euskaldun, feminista eta parte hartzaileak» sustatzeko egitaraua antolatu dute Amara Berriko jai batzordeko kideek. Maria Sarasolaren (Amara Berri, 1997) eta Itsaso Perezen (Amara Berri, 1992) arabera, hiru ardatz horien baitan ospatuko dira zazpi eguneko jaiak: «Musikari euskaldunak izango ditugu oholtzan eta emakumeak lehenetsi ditugu uneoro». Ostiralean, Alarma Morea runba talde feministaz gozatuko dute, baita Little Orphan eta La Fulana DJ-en emanaldiez ere. Larunbatean, aldiz, Mirua taldeak eta Bidean Erromeriak girotuko dute gaua. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Ohi bezala, Aste Santuaren ostean hasi ziren jaien antolaketan, «uda aurretik datak eta nondik norakoa zehazteko», baina abuztuko azken egunetatik dabiltza buru-belarri «eskaera guztiekin lanean». Aurten, tarte berdinarekin hasi arren, denboraren kudeaketan «lanketa handia» egin dutela nabarmendu dute: «Lehen aldiz dena prest izan dugu hamalau egunen faltan, eta azken egunetarako, aurretik lotu ezin diren faktore tekniko batzuk baino ez ditugu utzi». Zehaztu dute, halaber, hasieran finkatu ziren epe finkoak «oso zorrotz» bete dituztela.
Sarea ehuntzen
Inoiz baino «indar gehiagorekin» antolatu dituzte jaiak, azken urteotako talde handiena sortu baitute jai batzordean. «Jende berri mordoa sartu da eta belaunaldi erreleboa egiten gabiltza», azaldu dute Sarasolak eta Perezek. Azken bi urteotan, hamar lagun berri sartu dira taldean, eta hogei lagunen talde potoloa osatzea lortu dute. «Deialdi irekiak egitea baino, eraginkorragoa izan da auzotarren arteko harremana sendotzea», onartu dute batzordeko kideek, pozik. Hurbildu diren lagun mordoarekin gainera, kide berrien bataio berezia egingo dute ostegunean, «Ferrerias plazaren aldamenean dagoen putzuan».
Sendotutako lantaldeaz harago, auzoko eragile eta komertzioetatik lortutako konpromisoa da batzordearen aurtengo lorpen nagusia: «Saltoki guztietatik igaro gara berriz ere, euren iragarkiaren bitartez ekarpena handitzeko, eta oso emaitza onak izan ditugu: aurreko urteetan galdutakoak asko berreskuratu ditugu eta baita berri asko lortu ere».
Haurren ekitaldiak sortzeko duten lanketan ere, sarea ehuntzen jarraitzen dutela adierazi dute: «Urteak daramatzagu Amara Berri eta Katalina Erauso ikastetxeekin lanean, eta gurasoekin zuzeneko elkarlana dugu egitasmoak antolatzeko». Bestalde, Kaleko Afari Solidarioak proiektuko kideen partaidetzarekin jarritzen dute, eta «aurten paella eta tortilla lehiaketan» buru-belarri arituko direla aurreratu dute.
Ostegunak du indarra
Ohiko jarduerez harago, berritasunak ere izango dira Amara Berriko jaietan. Urriaren 12ak, Hispanitatearen Egunak, ia urtero egiten du bat jaiekin, baina aurten «eguna birpentsatu» eta aldaketak egin dituzte. «Urteetan egitarautik ezabatu den pala txapelketa» berreskuratuko dute goizean eta aurreko urteetan egin den Poteo Fatxoari, bertso poteo xumeago batek hartuko dio lekukoa aurten. Egun horretan, hain zuzen, nortasun agirien jaurtiketa da arrakasta gehien duen jardueretako bat. Urtez urte jarraitzaileak ugaritu egiten dira, baina azaldu dutenez, «oraindik ez da 18 metroko langa gainditu».
Ikurrak aldatzen
Berrikuntzak ez ezik, aurreko urteetan egindako ibilbidea aztertzeko aukera ere izan dute aurten. «Duela 12 urte» ezezagun hutsa zen arren, Super Xaguk auzoko haurrengan sortzen duen zirraraz jakitun, bere presentzia handitu nahi izan dute. «Lanketa handia egin da eskoletan eta ero moduan jartzen dira haurrak Super Xagu ikusten duten bakoitzean», azaldu dute kideek. Horiek horrela, hilaren 12an, gurtza berezia egingo diote,«atzerriko ikurrak berezkoengatik aldatzeko, eta urriaren 15ean «haur guztien begiradapean» agurtuko dute, iaz egin zuten moduan: «Ustekabean egin genuen iaz, eta arrakasta handia izan zuen».
Antzerkigintza errotuz
Antzerkirako tartea ere egin dute egitarauan. Igandean, Amara en tiempos revueltos izeneko antzerki saioa egingo du Amara Berriko antzerki herrikoiak. Azaldu dutenez, «adin eta jatorri desberdinetako 8-10 bat lagunek osatzen dute taldea» eta , auzoaren historia eta bilakaera kontatuko du emanaldiak. «Amara Berriko komunitateko eragile askori lekua egin nahi izan diegu jaietan, eta poztekoa da gure jai txikia, gero eta gehiago zabaltzen ari direla ikustea».