'Pintxoland' ereduaren aurkako Parte Zahar euskalduna aldarrikatu dute
Ekimen ironiko bat antolatu du Bizilagunekin plataformak, Parte Zaharrean turistentzako zabaltzen ari den ostalaritza eta merkataritza eredua salatzeko. Azaldu dutenez, ostalaritza tradizionala ordezkatu duen eredu berria, neurri handi batean, auzotarren bizimoduan eragindako kalteen erantzule da eta euskararen bazterketa eragin du. Hala, Parte Zaharreko hainbat sarreratan #WelcomeToPintxoland pankartak jarri dituzte, eta pintxo tabernen publizitatea irudikatzen duten 5.000 eskuorri banatu dira, euskaldunen aurkako erasoak salatzeko.
Zaratak, zabor pilaketak edota kale espazioen okupazioak eragin dituen arazoez gain, euskararen bazterketa da plataforaren iritziz, eredu honen kalte nabarmenetako bat. Kideen arabera, hiriko hizkuntza paisaiak aldaketa sakona jasan du azken urteotan eta “euskarak gero eta presentzia gutxiago” du Parte Zaharreko kaleetan: “Euskaldunak ez dira taberna eta jatetxe horien lehentasunezko bezeroak, eta beraz, Donostiako Parte Zaharrean ia desagertu egin da mapatik. Euskaraz bizitzen ahalegintzen diren bizilagun asko dituen auzoa da Parte Zaharra eta euskaldun asko erakartzen dituena; baina ez dugu aukerarik karta euskaraz irakurtzeko edo euskaraz eskatzeko”.
Adierazi dutenez, halaber, euskal hizkuntza eta kultura turistentzako “aktibo” bilakatu dira eta markagintzarako elementu huts gisa erabiltzen dituzte egun: “Pintxoland parte tematikoaren dekoratu gisa erabiltzen dute euskara. Euskal kulturako eta tradiziozko izenak dituzten taberna agertzen dira izkina ototan, baina bertan “tortilla de patatas” eta “pintxo de morcilla” besterik ez dugu topatuko”.
Horiek horrela, desazkunde turistikora iristea da plataformaren helburu nagusia, eta horren beharra aldarrikatuko dute urriaren 22an, Alderdi Ederretik irtengo den manifestazioan.