Argentinako elkarlan komunitarioa, feminismoa ardatz hartuta
Casa Comunidad de Cordoba gizarte erakundeko (Cordoba, Argentina) Vanesa Fontanellaz eta Carolina Medina aktibista feministek hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean, Teila Fabrikan. Besteak beste, jangela solidarioa, feminismoa, osasuna, hezkuntza eta etxebizitzen arazoa lantzen dituzte gizarte erakunde horretan. Erakundeko kideen %80 emakumeak dira, Argentinako Cordoba hirian egiten dute lan nagusiki, baina inguruko herrixkei ere eskaintzen diete laguntza.
Azaldu dutenez, gosea da beraiek antolatzeko lehen arrazoia, eta horregatik erabaki zuten jangela solidario bat sortzea. Jatekoa eskuratzeko dirurik ez duten pertsonak joaten dira bertara janari bila, eta Cordobako auzo eta herri desberdinetan, orotara, 43 jangela solidario dituzte. Egunero, 2.000 pertsonari ematen diete jaten haietan. “Egiten ditugun janarietako elikagai batzuk guk geuk kudeatzen ditugun baratze eta landa eremuetatik datoz. Gure kideek gure lurraldeetan elikagai burujabetza izateko borroka egiten dute”, nabarmendu dute Fontanellazek eta Medinak.
Jangela solidario batetik, proiektu handiagoetara
Jangela horretatik sortu zuten emakumeentzako genero indarkeriaren aurkako eskola bat ere. Cordobako gizarte erakundeko kideak hiriko auzorik txiroenetan bizi dira, “estatuak ahaztuta dituen herrietako landa eremuetan”. Hori dela eta, beraien beharretara eta errealitatera egokitutako feminismoa eraikitzen dute. “Gure ingurunean dauden feminismoen parte gara, eta matxinada eta erresistentzia dira gure oinarriak une honetan”, nabarmendu dute. “Gure bizilagunak gure kide bihurtzen joan ziren, eta elkarrekin planteatu genuen gauza asko genituela amankomunean. Bakoitzak indarkeria nola pairatzen genuen ikusi genuen, eta pentsatzen hasi ginen ea nola antolatu gintezkeen horri aurre egiteko”, azaldu dute.
Hortik abiatuta sortu zuten Casa Comunidad (Emakumeen Etxearen antzekoa) eta Osasunaren Sustatzaileak taldea. Testuinguruan jartzeagatik, Argentinan 2015ean indartu zen feminismoa, genero indarkeriagatik egunero emakume bat erailtzen zutenean. Hori dela eta, erakundeko kideak erremintak sortzen joan ziren, eta horietako bat da Casa Comunidad delakoa. Bertan, indarkeria egoerak saihesteaz eta halakoak gertatzen direnean emakumeei konpainia eskaintzeaz arduratzen dira, besteak beste. Osasungintzari dagokionez, osasun arloko erakundeei exijitzen diete beraien beharrei erantzun bat emateko, eta, horrez gain, osasun komunitarioaren alde egiten dute lan, kontrol ginekologikoak, metodo antisorgailuak eta sexu eskubideak landuz, beste hainbat gauzaren artean. “Pandemian, jangelekin batera, lehen lerroan aritu ginen gure komunitateak zaintzen”, azaldu dute.
Era berean, jangeletatik sortu zen hezkuntza duinaren aldeko proiektua ere. Sistema publikoan kalitatezko hezkuntza eskatzeko sortu zuten, eta asanbladak egin ohi dituzte beraien eskaerak zehazteko. Ondoren, kalera irteten dira eskaera horiek ikusarazteko eta exijitzeko. “Era berean, jostunak garenez, lortu genuen guk jostea haurrek eskolarako erabiltzen dituzten estutxeak eta motxilak, gobernuak, lehen, Txinari erosten zizkiolako. Borroka honetan hamar urte daramatzagu, eta urtero joaten gara ministerioari materiala guk egiteko baimena eskatzera. Aurten, gobernuak aukera hori zabaltzea erabaki du, politika publiko gisa, eta gaur egun, Cordobako eskola publikora joaten diren haurrek guk egindako motxilak dituzte”, nabarmendu dute.
Auzo berriak, baliabiderik ez dutenentzat
Azkenik, etxebizitzen arazoaren inguruan hitz egin dute Fontanellazek eta Medinak. “Argentinan arazo handia dago logela falta dela-eta. Beraz, hainbat kokaleku sortu ditugu, etxerik ez duten pertsonak bertan bizi ahal izateko. Denbora askoren ostean, gobernuak erabaki zuen programa baten bidez hainbat auzo urbanizatzea. Adibidez, bizilagun batzuek zaborra uzteko leku bat garbitu zuten, eta erabilpen komunitariorako egokitu zuten. Bertan, jangela bat, ehungintzarako eremu bat, baratze bat eta jardueretarako gune zabal bat daude”, azaldu dute.
Horren ostean, beste hainbat proiektu iritsi zitzaizkien, genero indarkeria jasaten duten emakumeentzat, ama ezkongabeentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat auzo bat eraikitzeko. Auzo horretan, bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzuak, eremu berdeak eta zentro komunitarioak dituzte.
Azaroaren 30eko greba orokorrari buruzko iritzia
Hitzaldiaren aurretik, Azaroaren 30eko greba orokorra antolatzeko bilera antolatu zuen Donostiako Asanblada Feministak. Hogei lagun inguru izan ziren bileran, eta horietako batzuk hitzaldia entzuten geratu ziren gero.
Hitzaldiaren ostean, bertaratu zirenei galderak egiteko aukera eskaini zieten, eta emakume batek azaroaren 30erako deituta dagoen greba orokorra zer iruditzen zaien galdetu zien Medinari eta Fontanellaz-i. “Oso ondo iruditzen zaigu, egin behar den zerbait delako. Gure eskubideak daude jokoan, eta gure babes osoa duzue horretarako”, erantzun zioten.