Altzakoek parte hartu eta erabaki nahi dute
Legeak behartuta, Herrerako Zardoya-Otis eremuan etxebizitzak eraikitzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko proiektuaren jendaurreko aurkezpena egin zuten asteazkenean Tomasene Kultur Etxean; han bildutako herritarrak oso haserre agertu ziren, eta benetako parte hartze prozesu bat garatu ez izana leporatu zioten udalari.
Altzako Tomasene Kultur Etxeko aretoa goraino bete zen asteazkenean, Herrerako Zardoya-Otis eremuko (Jolastokieta III) hirigintza garapenaren jendaurreko aurkezpena ikusteko eta parte hartzeko. Ordea, hasieratik bukaerara, sentipen bat izan zen nagusi aretoan: parte hartze bilera bat izan ordez, bilera informatibo bat zela.
Proiektua idatzi duten arkitektoek (Gurbain SPL enpresakoak) hitz egin zuten lehenengo zatian, 400 etxebizitza inguru (%20 babes ofizialekoak eta %20 tasatuak, legeak ezarritako gutxienekoa) aurreikusten dituen proiektuaren inguruko xehetasunak emanez. Proiektuaren nondik norakoak entzuten joan ziren ahala, ikusleak konturatu ziren ez zegoela aldaketarik azken bileratik.
Hain zuzen ere, hainbat herritarrek Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari gogorarazi zioten moduan, martxoa inguruan Ekialdeko Barrutiko ordezkariekin bilera bat egin zuen udalak, han herritarren kezka eta proposamen ugari atera ziren —asteazkeneko bileran ere atera zirenak—, eta asteazkenean Tomasenen aurkeztu zuten proiektua martxoan aurkeztutako berbera zen. Hizlariek behin eta berriro esan zuten jendeak esandakoak aztertuko zituztela, baina aurrekariak kontuan izanda, ikus-entzuleak oso mesfidati agertu ziren.
Arkitektoek herritarren kexa eta galdera ugari jaso zituzten aurkezpenaren lehenengo zatian, Arzallus eta udaleko beste ordezkariak isilik zeuden bitartean. Baina Altzania elkarteko kide batek gogorarazi zuen arkitektoek idatzitako proiektua udalak ezarritako baldintzen arabera idatzita dagoela, eta, beraz, azken erantzulea udala dela; hortik aurrera, Arzallus gehiago interpelatu zuten herritarrek, eta hitza hartzen hasi behar izan zen.
Askotariko haserreak
Bizilagunak hainbat gauzarengatik agertu ziren haserre, bereziki Altzania, Herripe eta Altza XXI elkarteetako kideak: eremu horretan egingo dituzten etxebizitza kopurua urteekin handitzen joan izanagatik (2016ko aurreikuspena 180 etxebizitzakoa zen), eremu horri dagozkion zona libreen zati handi bat Erregeneara (Igeldo) eramango dituztelako, proiektuak auzoa gehiago masifikatuko duela deritzotelako, inguruko zirkulazioan are arazo gehiago sortuko dituela uste dutelako, auzoko anbulatorio bakarra are gehiago masifikatuko delako eta auzoak bestelako beharrak dituela uste dutelako (ekipamenduak, zona berdeak, eta abar).
Erantzun zehatz gutxi eman zituen, ordea, Hirigintza zinegotziak. Etxebizitza kopurua handitzen joan izana “bideragarritasuna” bermatzeko egin dela argudiatu zuen, eta baita etxebizitza babestu gehiago ez aurreikusi izana ere. Horren aurrean, soilik bideragarritasun ekonomikoa kontuan hartu izana leporatu zioten hainbat herritarrek Arzallusi. Izan ere, zer da proiektu bat “bideragarria” izatea? Soilik arlo ekonomikoa hartu behar da kontuan bideragarritasuna bermatzeko?
Altza Donostiako auzo populatuenetakoa da (20.343 biztanle, 2022ko datuen arabera), eta Zardoya-Otiseko proiektuak beste 1.000 pertsona eta 400 auto inguru eraman ditzake auzora. Horrek, jakina, afekzioak izango lituzke auzoko eguneroko bizitzan, zirkulazioan, zerbitzuetan, eta abarretan. Horrela, bizilagun batek baino gehiagok eskatu zuen eremu horretan ekipamenduak eta zona berdeak jartzeko; “Altzan kiroldegi berri bat eta bi kultur etxe dituzue dagoeneko”, izan zen Arzallusen erantzuna, jendearen haserrea areagotuz. Gero, Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotzi ohi eta Altzako bizilagunak gogorarazi zion bi kultur etxe izanda ere, ez daukatela “programazio duin bat” egiteko aurrekonturik.
Bestalde, proiektuak eragin ditzakeen afekzioak kontuan hartu dituztela nabarmendu zuten hizlariek, baina ikus-entzule batek baino gehiagok leporatu zien Altzako eta Herrerako errealitatea behar bezala ez ezagutzea. Era berean, herritarrek gogorarazi zuten Altzan datozen urteotan 4.000 etxe inguru eraikitzea aurreikusten dela (Zardoya-Otisekoak barne), tartean 3.000 baino gehiago Auditz Akularren. Eta, beraz, Zardoya-Otisekoa ez dela kasu isolatu bat.
Bestelako proposamen batzuk ere atera ziren asteazkeneko bileran, besteak beste, eremu horretako eraikin industrialak mantentzea eta aprobetxatzea. Ordea, hizlariek ez zuten halakorik egiteko asmorik agertu, “ez daudelako babestuta Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian”. Arratsaldeko proposamenik desberdinena zona horretako horma zaharrak mantentzea izan zen, bertan “rokodromo ikaragarri bat” egiteko. Hormak argi ikuskizunak egiteko ere erabili ahalko zirela nabarmendu zuen proposamen hori egin zuen herritarrak, eta “Donostiako turismoa eta kultur eskaintza Altzara ekarriko” lituzkeela.
Hizkuntza eta manerak
Teorian, bilera elebiduna zen, eta arkitektoak saiatu ziren euren azalpenak elebitan egiten, baina tentsio une batzuk sortu ziren aretoan, hizlariak galderaren bat euskaraz erantzuten hasten zirenean, ikus-entzule ez euskaldunek ez zutelako ulertzen eta kexatzen zirelako. Beraz, azkenean, gaztelaniaz egin zen saioaren zatirik handiena, eta “hizkuntza kudeaketa kaskarra” egin izana eta ondorioz “tentsio uneak” sortu izana leporatu zieten hainbat herritarrek udaleko ordezkariei: “Ezin liteke guk geure burua itzuli behar izatea”, esan zuen Etxeburuak.
Bestalde, oso nabarmena zen jendearen haserrea, bai proiektuarekin berarekin, bai Arzallusen jarrerarekin eta bai parte hartze prozesuarekin. Haserre hori dela eta, une batzuetan aztoratu egin ziren herritar asko, hizlarien azalpenak eten zituzten momentu batzuetan, eta abar. Arzallusek jarrera hori aurpegiratu zien aretoan bildutako bizilagunei, baina bizilagunek argudiatu zuten ez zaiela besterik gelditzen: “Proiektu idatzi batekin zatozte; ez dituzue bizilagunen kezkak, beharrak eta proposamenak kontuan izan; ez dituzue galderak erantzuten… Horrek jendearen desinteres politikoa eta haserrea sortzen du”, nabarmendu zuen hitza hartu zuen ikus-entzuleetako batek, gainontzekoen txaloak jasoz.
Benetako parte hartzea nahi dute
Ideia asko atera ziren bileran, baina bat zen nagusi: herritarrek benetan parte hartu nahi dutela proiektuetan. Eta, bizilagun batek amaieran esandakoak ondo islatzen du hori: “Parte hartzea ez da hona hitz egitera etortzea eta zuek gure haserrearen punching ball-a izatea, parte hartzea erabakitzea da, eta badaude horretarako baliabideak. Altzak berroneratze bat eta birikak behar ditu, baina zuek beti bezala jarraitzen duzue, auzoa jendez pilatzen. Eta ardura politiko erraldoia duzue”.