Bera Berak lokarri arrosak salduko ditu minbiziaren aurkako borrokan laguntzeko
Donostiako Bera Berako errugbi taldeak ekimen solidario bat jarri du abian, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginaz (urriak 19). Ekimen horretan, arrosa koloreko lokarriak salduko dituzte, tumore mota horren aurkako borrokaren ikur gisa. Hala, urriaren 16tik 22rako astean, kirolari gehienek euren bota edo zapatiletan kordoi arrosak erabiliz entrenatu eta lehiatuko direla adierazi dute.
Ekimen horren bitartez, gaixotasuna pairatzen duten pertsona guztiei elkartasuna adierazi nahi die taldeak. Bularreko minbizia ohikoena da Euskadiko emakumeen artean, eta 12.000 lagunei eragin die 1995etik, Osakidetzaren detekzio goiztiarreko programa abian jarri zenetik. Era berean, kanpaina honen bitartez, detekzio goiztiarraren programen garrantzia erdigunean jarri nahi izan dute: “Bularren azterketa bat egitea aldian-aldian, edozein sintoma edo anomalia detektatzeko”.
Ekimen honetan bildutako kantitate guztia Katxalin Elkartera – Bularreko Minbizia edota Minbizi Ginekologikoa duten Emakumeei Laguntzeko Gipuzkoako Elkartea- bideratuko da. Lokarri solidarioak 5 eurotan jarriko dira salgai, eta Manteo kiroldegian eta Puioko errugbi zelaian erosteko aukera egongo da, astearte eta ostegunetan.