'Hitaz orhoit' dantza ikuskizuna estreinatuko du Kresala konpainiak hilaren 21ean
Donostia Kulturak eta Viktoria Eugenia antzokiak antolatutako Iturritik jaialdiaren barruan, Kresala dantza konpainiak Hitaz orhoit emanaldiaren estreinaldi ofiziala aurkeztuko du urriaren 21ean, Viktoria Eugenia antzokian. Aurretik Hernanin, Beasainen eta Sopelan aurre estreinatuko dute.
“Ordubeteko iraupena duen ekitaldi bakar batean garatzen den balleta, basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez sortutako obra da, gehienetan emakumeak protagonista dituena, historiaren itzal bazterrean mendeetan ahaztuak. Pieza subliminala, argia eta aztarna bere errautsetatik berpizten den arimaren babes espiritualerako mantu gisa dituena”, azaldu du Kresala konpainiak.
Programa hamabi pieza eta eszenak osatzen dute, eta “obra eraldatzailea, baltsamikoa eta sendagarria” da, “gatazka beliko eta sozial guztien aurrean bizikidetzaren eta giza eskubideen alde egiten duena”.
Denbora eta lekuetatik kanpo
Duetoek, lauko saioek, bakar saioek, eta talde dantzek osatzen dute ikuskizuna. Dantza, poesia eta musikaren txirikorda horren emaitza gisa, “ikusleen memoria indibidual eta kolektiboan niaren eta guaren arteko bizi sentimendu partekatu bat txertatzeko modu bat bilatzen da”, dantza-antzerki eredu berri bat bilakatuz, eszenaren gainean dramatika tradizional garaikide bat aurkituz, denbora eta lekuetatik kanpo kokatzen dena.
Konpainiaren arabera, azken batean, Hitaz orhoit “zentzumenen pertzepziora zuzendutako antzezpen koreografiko bat da”, non 27 dantzariek bere itzala airean marrazten dakiten, mugimenduaren sentsualitatea eta keinuaren emozioaren artean, dantza obraren benetako protagonista bakar gisa hartzen duena.
Besaulki patioko sarrera gehienak salduta badaude ere, oraindik sarrera batzuk daude salgai Viktoria Eugenia antzokiaren webgunean.