Legeak agintzen dituen birziklatzeko neurriak eskatu dizkio Eguzkik udalari
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostena aurkeztu zuen lehengo astean, eta Eguzki plataformak bere irakurketa egin du txostenaren emaitzen inguruan. Nabarmendu duenez, Donostiako Udalak etxeko hondakinen gaikako bilketa “nabarmen hobetu behar du”, baldin eta Europar Batasunak alor horretan ezarri dituen helburuak eta helburu horiek bere egin dituen Hondakin Lege berriaren aginduak beteko baditu. Helburu horien arabera, 2025erako, etxeko hondakinen gaikako bilketak gutxienez %55 izan beharko du.
Gaineratu duenez, “hobekuntza nabarmena eta oso-oso epe laburrean” egin beharko du udalak. Izan ere, Eguzkiren arabera, gaur egun Donostia da Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria: “%41,10 baino ez”.
Eguzkik dioenez, Donostia da San Marko mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria. Eta, halaber, San Marko da “Donostiako bilketa eskasaren ondorioz” Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,39 da, eta beraz, Donostia hamasei puntu azpitik dago. Eguzkiren txostenaren arabera, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Europak 2025erako ezarri duen %55eko helburua.
Gaikako hondakin bilketa “apala”
Eguzkiren iritziz, Donostian, Gipuzkoako gainerako herriekin alderatuta, gaikako hondakin bilketa “oso apala” da udal gobernuek urte hauetan guztietan alor honetan “ezer ere egin ez dutelako”.
2014an, EH Bilduk, orduan alkatetzan, eta PSOEk aurrekontu akordio bat egin zuten. Akordio haren baitan, erabilera boluntarioko bosgarren edukiontzia auzo guztietan ezartzea adostu zuten. Iragarri zutenez, 2016rako, etxeko hondakinen %60 gaika biltzea zuten helburu. “Ez genuen bosgarren edukiontzien kontra egin, noski –esan dezagun, bide batez, hura izan zela Donostian gaikako hondakin bilketa hobetzeko hartutako azken neurri “estrukturala”–, baina argi eta garbi esan genuen neurri harekin bakarrik nekez lortuko zela helburu gisa ezarritako %60 hura. Eta halaxe izan da. 2015ean, etxeko hondakinen gaikako bilketa %39,19 izan zen”, azaldu du Eguzkik.
Urte hartan, EAJren eta PSOEren artean osatutako udal gobernuak ordezkatu zuen EH Bildurena. Beraz, 2015eko %39,19 hartatik 2022ko %41,10era pasatu dira Donostian.
Eguzkiren ustez, Donostiak ez du zertan “birziklatzearen abangoardiako udalerrien artean egon”, baina, legez, gutxienezko batzuk betetzera “derrigortuta” dago. Eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen politiken “kotoiaren proba moduko bat da” Eguzkirentzat. “Ingurumen politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik”, nabarmendu du.