Oinkada luzeak, eguzki izpien pean
Hiru Hondartzetako Krosaren 33. edizioa egin da igandean, eta 2.729 korrikalarik osatu dute hamar kilometroko ibilbidea; horietatik %44 emakumezkoak. Donostiako herri lasterketa honetan, Ander Sagarzazu donostiarra eta Garazi Karrera irundarra izan dira garaile. Lehenak, 31 minutu eta hemezortzi segundotan burutu du ibilbidea; bigarrena, aldiz, 27 minutu eta hamahiru segundorekin gailendu da emakumezko kategorian. Podiumeko gainerako postuak Joseba Olaetxea (31:36) eta Jon Presa (31:47) korrikalarienak izan dira, bigarren eta hirugarre, hurrenez hurren, gizonezko kategorian. Emakumezkoenean, berriz, Olatz Zabala izan da, bigarren (38:12); eta Izaro Rubio, hirugarren (38:56).
Lasterketaren izenak azaltzen duen moduan, Donostiako hiru hondartzak zeharkatzen ditu ibilbideak -Ondarreta, Kontxa eta Zurriola-, baita Antigua, Erdialdea, Gros eta Parte Zaharra auzoak ere. Antolatzaileek adierazi dutenez, “aurki daitekeen ibilbiderik politenetako” bat da zeharkatzen duen parajea kontuan hartuz gero, eta “urtean zehar korrikalarientzat erakargarrienetako bat izan daiteke”. Behobia prestatzeko askoren aurretiko urratsa izanik, “gipuzkoar guztien egutegian” dagoen lasterketa klasikoa dela nabarmendu dute.