Enkantean jarri dituzte Jose Maria Sertek San Telmo museorako egindako lau margo

Joan den asteartean, urriaren 3an, Bartzelonan enkantean jarri zituzten Jose Maria Sertek San Telmo Museoa apaintzeko egin zituen lau margo. Jose Maria Sert Badia (1874-1945) margolari katalana XX. mendeko europar muralista handitzat jotzen da.
Donostiako Udalak, Ignacio Zuloagaren bitartez, komentu dominiko zaharreko eliza apaintzeko eskatu zion Sert-i. Ancorak azaldu duenez, margolariaren ibilbideko “lanik garrantzitsuenetako bat”, izan zen, eta bi urte eta erdiz luzatu zen. Azkenean, 1932ko irailaren 4an inauguratu zen obra, Manuel de Fallak zuzendutako kontzertu batekin. 784 metro koadroko azalera piktorikoa dute, eta Gipuzkoako herriaren gorazarre bat osatzen dute, bere historiako funtsezko pasarteak “modu heroiko eta bikainean irudikatuz”, Ancorak azaldu duenez.
Orain Bartzelonan salgai dauden zirriborroak azken emaitzatik “oso hurbil” daudela adierazi du Ancorak. Urre koloreko hondoa duten ohol gaineko olioak dira, sepia koloreko irudiak eta gortinajeetan gorri ukituak dituzte, eta bakoitzak 70 zentimetro inguru ditu, markoztatu gabe.
Enkantean jarritako loteen izenburuak honakoak dira: Pueblo de Santos (Santuen Herria), Jesusen Lagundiaren sorrera ilustratzen duena; Pueblo de Fueros (Foruen Herria), Gaztelako erregeen euskal askatasunen zina irudikatzen duena; Pueblo de Sabios (Jakintsuen Herria), Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari buruzkoa eta Pueblo de Libertad y Pueblo de Comerciantes (Askatasunaren Herria eta Merkatarien Herria), Gernikako zuhaitzari eta Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarrari eskainia.
Ancoraren arabera, taula horiek ez daude bibliografia sertiarrean jasota. “Beraien balio artistikoa alde batera utzita, interes nabarmena dute artistaren lan metodoa azaleratzean”, azaldu dute. Sertek giza modeloen eta maniki artikulatuen taldeen argazkiak ateratzen zituen, bere sorkuntzen oinarri gisa. Material horretatik abiatuta, ikatz-ziriz egindako marrazki koadrikulatu bat egiten zuen. Gero, olioz margotutako bigarren zirriborro batean irudikatzen zuen, bere panel erraldoietarako behin betiko eredu zena. Pintura ziklo handiak egiteko, laguntzaile talde bat zuen. “Parisko bere tailerrean mihise erraldoiak biribilkatzeko makineria eta bere konposizioen eragina kalkulatzeko aukera ematen zion ispilu sistema zeuden”, gaineratu du Ancorak.
Margo horiek eskuratzeko eskaera udalari
Serten mihise donostiarrak 2007 eta 2013 artean zaharberritu zituzten. San Telmo Museoak ikatz-ziriz egindako sei marrazki ditu, eta margolariak emandako maketa bat du (gaur egun galduta dagoena), baina ez du jatorrizko olio-zirriborrorik. “Enkantera ateratzen ziren lau tauletatik bakarra saldu da (Pueblo de Santos) 3.900 eurotan, eta gainerakoak eskaintzarik gabe geratu dira”, zehaztu du Ancorak.
Horiek horrela, Ancorak uste du aldez aurreko diseinu horiek, orain arte argitaratu ez direnak, “obraren ulermena aberasten dutela”, eta Kultura zinegotzigoari eskatu dio horiek eskuratzeko aukera azter dezan. Serten horma irudiek “Donostiaren ospea atzerrian zabaltzen lagundu dutela” uste dute, eta “Museoaren altxorrik preziatuenetako bat” dira, udalaren webgunearen arabera.