Leyre Arrue idazleak 'El regreso de Saturno' aurkeztu du
Leyre Arrue idazleak (Antigua, 1983) El regreso de saturno (Saturnoren itzulera) liburuaren berri eman du, euskal narratibaren ahots berrien aurkezpenean. Alberdania argitaletxearen eskutik, lehen nobela aurkeztu du Arruek, bizitzako krisi existentialak eta aldaketa bortitzak erdigunean jarrita. Liburuaren izenburua (El regreso de saturno) izen bera daraman istorio astrologiko batean dago oinarrituta. Idazleak azaldu duenez, saturnoren itzulerak “trantsizio astrologiko” bat azaltzen du, 27 urtean behin gertatu ohi dena: “Istorio horren arabera bi edo hiru urtean trantsizio garaian egoten gara, eta pertsona askok bere bizitzako esparru anitz birplanteatzen ditu, batzuetan guztiarekin bukatu arte”. Hain zuzen, hori gertatu zitzaion idazleari ere.
Arrueren ibilbide profesionala letretatik oso aldenduta egon da. Biokimika ikasi zuen Madrileko Autonomia Unibertsitatean eta urteak eman ditu Bartzelonan farmazian eta kosmetikoen alorrean lanean. Bide hori egiten ari zela, baina, bere bizitza eta bizimodua zalantzan jartzen zuen krisialdi bat pairatu zuen, eta askatasun osoarekin hartu zituen erabakiak zuzenak ote ziren birplanteatzen hasi zen. Une horretan, 2018an, idazketa “babesleku” bilakatu zen idazlearentzat, eta “eguneroko bat balitzan, goizetan idazteari ekin nion”, aitortu digu Arruek . Hortik aurrera, bizitza erabat aldatu, lana utzi eta bere jaioterrira, Donostiara, itzultzea erabaki zuen, literaturari aukera bat emateko: “Aurreko hilabeteetan koadernoetan hartutako apunte guztiak bildu eta forma ematen hasi nintzen”. Idazketa prozesuan ere, formakuntza berebizikoa izan dela aitortu du: “Orduak eman ditut Koldo Mitxelena kultur etxean idazten, baina beste asko pasa ditut formakuntzan eta irakurtzen ere”.
Askotariko kontakizunak
Liburu hau osatzen duten hamabost kontakizunak krisialdi garai horretatik abiatzen dira: “Liburua, orokorrean, oso bustia dago ideia horrekin. Pertsonaia asko blokeo edo paralisi egoeran sartzen dira betean, eta bizitzan hartu dituzten erabakien inguruan pentsatzen hasten dira: egokiak izan diren ala ez, funtzionatzen ote duten, eta abar”. Idazleak azaldu duenez, krisialdi horretara iristeko, pertsonaiek aldaketa nabarmenak dituzte aurretik. Hala, etxe aldaketa bat, ebakuntza bat, heriotza bat, edota bi lagunen elkarrizketa batetik sortzen den ezinegonak bideratzen ditu aldaketara. “Aurkitzen eta aldentzen diren pertsonaiak topatuko ditugu”, dio idazleak, arrotza eta egunerokoa denaren artean saltoka ibiliko baitira.
Kontakizunei dagokienez, bata bestearengandik oso desberdinak direla azaldu du Arruek, bai narrazio motari dagokionez, baita gaien esparruan ere: “Bizitzatik, heriotzara eta dolura egiten da salto. Amatasuna eta familiak badute euren tartea, baina baita izuak eta umoreak ere”. Nolanahi ere, kontakizun asko maitasunaren, harreman afektiboen eta sexuaren baitan mugitzen direla azaldu du, desiraren eta erotismoaren arteko harremana lantzeko bide eman diolako: “Erotismoa liburuko osagai nagusienetakoa da, eta hala izatea nahi nuen, desio sexualekin eta gorputzekin harremantzeko moduak, lotura estua duelako gure desioekin harremantzeko dugun joerarekin ere”.
Gai asko fikziora eramateko lizentziak hartu dituen arren, hein handi batean, liburu autobiografikoa dela onartu du idazleak: “Halako krisialdi batetik igaro den irakurle batek bere burua ikusiko du pasarteren batean beharbada, baina asko du nire bizitzatik”.