Udaletxean turismo bulego berria egiteko lanak eten ditu udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak astearte honetan onartu du udaletxean ezartzekoak ziren turismo bulego berriaren lanak gelditzea. Urtarrilean hasi ziren lanok egiten, 1.880.000 euro inguruko aurrekontuarekin, eta 2024ko urtarrilean amaitzea aurreikusten zen.
Lanak eteteko arrazoiak zehazterakoan, ebazpenean ageri da ezin dela jakin “Lehendakaritza Zuzendaritzak planteatzen dituen aldaketek kontratuaren xedea aldatzea ekar dezaketen”. Udaleko iturriek baieztatu dutenez, bertan Udalinforen egoitza nagusia eraikitzeko asmoa du orain udal gobernu berriak. Orain arte PSE-EEk izan du turismoaren ardura, baina maiatzeko hauteskundeen ondoren Jon Insausti jeltzalea da Turismo zinegotzia; irizpide aldaketa hortik etor liteke.