Arantxa Urretabizkaiak irabazi du narratibako Euskadi literatura saria
Arantxa Urretabizkaia (Txomiñenea, 1947) idazleak irabazi du 2023ko narratibako Euskadi literatura saria, Azken etxea nobelagatik. Zahartzaroa du ardatz Urretabizkaiaren azken lanak, eta epaimahaikideek haren “ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” nabarmendu dituzte, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”.
Donostiarrak bigarrenez jasoko du saria, lehen aldiz narratiban, 2017an Bidean ikasia saiakeragatik ere saritu baitzuten. Era berean, Euskadi literatura sariaz gain, 111 Akademiaren saria ere jaso du Azken etxea liburuak.
Haur eta gazte literaturan Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) saritu dute, Zerria lanagatik, eta ilustrazioan Joseba Larratxe Josevisky (Irun, 1985) ilustratzailearen Ni ez naiz Mikel Laboa izan da saritua. Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 euro eskuratuko lituzke bere lana beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Datorren astean iragarriko dira euskarazko saiakera eta itzulpen sariak.