Elkarrekin Donostiak eta PPk «planifikazio falta» leporatu diote gobernuari, udaletxeko lanen harira
Elkarrekin Donostiak eta Alderdi Popularrak gogor hitz egin dute atzo Tokiko Gobernu Batzordeak onarturiko erabakiaren aurka. Udaletxean aurreikusita zegoen turismo bulego berrirako lanak eteteak “erabateko planifikazio ezari eta baliabide publikoen kudeaketa negargarriari” erantzuten diela irizten dio ezkerreko koalizioko Arantza Gonzalezek. Hori dela eta, Elkarrekin Donostiak azalpenak eskatu dizkio Eneko Goia alkateari, “lanak zergatik eten diren azaltzeaz gain, horrek edukiko duen eragin ekonomikoa azaltzeko”.
Bestalde, Borja Corominas PPko bozeramailearentzat ere udal gobernuak duen planifikazio faltaren “beste froga bat” da honakoa, eta deitoratu du planifikazio falta horrek “zuzenean” eragiten diela donostiarren poltsikoei. Corominasentzat, “oso erraza” da kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea kostuari erreparatu gabe. “Kostu handia duten erabakiak ezin dira aliritzira hartu, planifikatu gabe eta ebaluatu gabe. Onartezina da”, nabarmendu du PPko bozeramaileak.