Jendetza elkartu da Donostian, Palestinaren alde
Milatik gora lagun Palestinaren aldeko mobilizaziora batu dira, Israelen azken erasoa eta “asentamendu kolonialista” salatzeko. Bulebarretik abiatutako manifestazio jendetsuak, erdialdeko kaleak zeharkatu ditu “Israel genozida” eta “Palestina askatu” aldarrien artean, eta Israeli boikota egiteko eskatu dute, Palestina behingoz askea izan dadin. Manifestazioan salatu dutenez, Israelgo estatuak urteak daramatza “garbiketa etnikoa egiten, nazioarteko herrialdeen konplizitatearekin”.
Gaineratu dute, halaber, azken egunetako erasoak urte luzetako borrokaren atal berri baten parte direla. Izan ere, Hamasen aurrekaririk gabeko eraso bati erantzunez, bonbardaketak areagotu ditu Israelek Gazako zerrendan, eta erabat blokeatu du zonaldea. Manifestazioan parte hartutako lagunek gogorarazi dute “Gaza blokeo gogorra jasaten ari dela 2007tik, eta ordutik 6.000 palestinar baino gehiago hil dituztela Israelgo okupazio indarrek hainbat erasotan”. Azaldu dutenez, “egoera humanitarioa jasanezina da, eta bere biztanleria jasaten duen egoera itogarriak legitimoa egiten du okupatzailearen aurkako edozein erresistentzia mota”.
Joseba Parron argazkilariak egindako irudi bilduma:
Israelgo estatuak 75 urteetako mantendu duen kolonialismoa salatu dute, baita duela 15 baino gehiagotik Gazako zerrendan “giltzapetuta” dauden 2 milioiren askatasun eza ere: “Hilketak, atxiloketak, atxiloketa arbitrarioak, mugimenduak mugatzea, bere lur eta etxeetatik kanporatzea. Kartzela eta abar dira Palestinako herriaren egunerokotasuna”. Era berean, horren guztiaren erantzule Israelgo estatua den arren, nazioarteko herrialdeen eta enpresek garbiketa etnikoarekin jarraitzea ahalbidetzen dutela salatu dute: “Alderdi politikoek gero eta jarrera normalizatuagoak dituzte okupazioaren inguruan. Ez dago distantziakidetasun posiblerik, bidezko jarrera bakarra herri palestinarrari babesa ematea da”.
Manifestazioan, Herri Kurduaren aldeko Donostiako elkartasun taldeak, palestindarrei babesa adierazteaz gain, kurduek jasaten dituzten erasoak salatu dituzte. Rojava aurrera lelopean, Turkiaren erasoak gelditzeko eskatu dute.