Uda pasatuta, hiriko turismo ereduari buruzko hausnarketa egin behar dela dio EH Bilduk
Donostiako turismoa kontrolatzeko “politika aktiboak” aplikatu behar direla nabarmendu du EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek goizean udaletxean egin duen prentsaurrekoan. Politika horiek beharrezkoa direla argudiatu du, “donostiarron harremanetarako espazioak berreskuratzeko eta turismoarekin hiriak duen mendekotasuna arintzeko”. “Egoera batzuk leheneratzea lehentasunezkoa da”, gehitu du.
Ormazabalen arabera, “udal gobernuak eta sektorearen zati batek onartu dituzte kontrolik gabeko hazkundeak eragin dituen kalteak. Diskurtsoa aldatu egin da, eta herritarrek modu agerikoan azaldu duten desadostasunarekiko hurbilagoa da; ordea, praktikak berdina izaten jarraitzen du. Zergatik ekintzak eta hitzak ez datoz bat?”.
Ildo horretatik, hausnarketarako unea koronabirusaren pandemia zela azaldu du zinegotziak: “Orduan galdera ez zen noiz eta zein laguntzarekin itzuliko zen turismoa krisi aurreko egoerara, baizik eta ea egoera berera itzuli behar ote zuen. Ohartarazi genuen: turismoari buruzko hausnarketa estrategikoa gerorako uzteak iraganeko akats berberak errepikatzera eramango gintuela. Eta hala izan da. Adibidez, 2017tik 2019ra, turismoaren hazkundea %10ekoa izan zen urtero, nahiz eta orduko Turismo Planak jasota izan hazkundea ez zela helburua. Pandemiako 2021. eta 2022. urteak igarota, erabateko errekuperazioa iritsi da. Gehiago esango dugu, bisitari kopuruan “errekorrak” egiten segitzen du Donostiak, baita ere gaualdietan, prezioak ere inoizko garestienak izan arren”.
Horrela, udal gobernuak laster aurkeztuko duen Turismo Plana kritikatu du Ormazabalek: “EAJ eta PSE-EEren turismo politikaren dilema jasoko du paperean, lehentasun moduan jasotzen baitira turismoa mugatzea eta turismoa sustatzea, eta hauek ez dira bateragarriak. Modu publikoan adierazi dute “kontrolatu beharra” dagoela, baina orain arte arazoa ukatu eta areagotu dutenak izango al dira irtenbidea?”.
Autokritikaren eta neurriak
EH Bilduk “autokritika” egiteko eskatu die udal gobernuko alderdiei: “Onartzea jasota zegoenaren norabidearen kontra egin dela, hiritarren gehiengoak azaldutakoaren kontra. Gogora ekarriko dugu iaz Turismo Bulegoak egindako barne inkesta batek jasotzen zuena: donostiarren %67k uste du turismoak hirian goia jo duela, %52 desplazatua sentitzen da bere aisialdi guneetatik eta %83k dio eragin negatiboa izan duela etxebizitzaren prezioan”.
Uztaileko udalbatzarrean, turismoaz aritzeko batzorde ez iraunkor bat sortzea onartu zen, eta EH Bilduk bertan parte hartuko duela baieztatu du Ormazabalek, “urgentziazkoak diren gaiak” lantzeko. Alde batetik, etxe turistikoen eta hotelen gaia landu behar dela deritzote: “Udal gobernuak aurkeztu duen moratoria berandu dator eta iragazki baten antzerakoa da salbuespen asko dituelako: ez die gune aseei benetako babesa ematen eraikin berezietan hotelak irekitzeko aukera mahai gainean jartzen duelako. Babestu beharreko guneak ere zabalagoak behar dute, mugan dauden zonaldeak jartzen direlako fokupean. Etxe turistiko gehiago ez irekitzea babesten dugu, baina lehen solairuko araudira itzultzea ere ezinbestekoa da, hala nola emanda dauden lizentzien berrikuspen bat egitea”.
Bestetik, herritarren “harreman espazioak berreskuratzeko beharraz” ariko dira: “Hor ehuntzen da auzoa eta hiria, auzuneetako kale eta plazetan, dendetan, eskola atarietan. Arestian aipatu inkestak jasotzen du auzo batzuen tematizazioa kezkagarria dela, bereziki Parte Zaharrean. Hala sentitzen du galdetuak izan ziren %80k”.
Azkenik, desazkunde turistikoaren beharra eramango dute batzordera: “Donostiako ekonomiak turismoarekiko duen mendekotasuna arindu behar du, sektore inportantea den arren, ezin dira arrautza guztiak saski berean gorde. Hazkundea (sustapena) eta kudeaketa gaur gaurkoz ez dira bateragarriak. Baina mugatzea dagoeneko ez da nahikoa. Donostia eta auzoak bizigarriak izan daitezen derrigorrezkoa da egoera batzuk leheneratzea”.