'World Traveller' luxuzko gurutzaontzia Kontxan dago

World Traveller luxuzko gurutzaontzia Donostiara iritsi da, eta Kontxako badian ainguratuta dago. 09:00ak aldera iritsi da itsasontzia Donostiara, eta goizean zehar bidaiariak kaira eraman dituzte ontzi txikiago batean, hiria bisitatu dezaten; 20:00ak inguru joango da gurutzaontzia hiritik. Dublinetik (Irlanda) atera zen hilaren 6an, eta Lisboan (Portugal) bukatuko du bidaia, igandean.
Mystic Cruises konpainia portugesarena da, ia 130 metroko luzera dauka, 200 bat lagunentzako edukiera luxuzko 98 gelatan banatuta eta 130 laguneko tripulazioa. Gurutzaontziko gelarik oinarrizkoenak 4.000 euro inguruko prezioa dauka, eta 7.000 euro ingurukoa luxuzkoenak.
Konpainiak bere webgunean azaltzen duenez, euren bidaiariei gomendatzen diete Parte Zaharretik paseatzea eta pintxoak jatea, Bretxako merkatua bisitatzea, Igeldoko funikularra erabiltzea; hirira datozen turista gehien-gehienek egiten dutena egitea, alegia. Donostiaren aurretik, gurutzaontziak Saint Mary’sen (Sorlinga uharteak, Erresuma Batua), Douarnenezen, Le Palaisen eta Port Medocen (Frantzia) egin ditu geldialdiak, eta Coruñara (Galizia) iritsiko da ostiralean, ondoren Lisboarantz joateko, Portotik eta Cascaisetik (Portugal) pasatuta.
Luxuzko gurutzontziak Kontxaraino sartzea, arduradun politiko turistifikatzaileen aspaldiko ametsa egi bihurtua. Turismo eredu kutsatzaileena eta jasangaitzena sustatzen dutenak arduragabe hutsak dira. #TuristifikazioaStop #Donostia #DesazkundeTuristikorantz pic.twitter.com/SbuthANdmE
— BiziLagunEkin (@BiziLagunEkin) October 11, 2023