Gerratik etxerako bidea egin du
Lander Cerrillo dantzari donostiarra Israelgo Beer-Sheva hirian harrapatu du Gazaren eta Israelen arteko gerrak. Euskal Herrira itzultzea lortu du, bunker batean babestuta egon ostean. 'Berria' egunkariak berarekin hitz egin du.
Lander Cerrillo Donostiako dantzari profesional bat da, 24 urte dauzka eta iazko abuztuan joan zen Israelera bizitzera. Kamea dantza konpainiak kontratatu zuen, eta, ordutik, Beer-Sheva hirian bizi da. Larunbat goizaldean hasi zen Israelen eta Gazaren arteko gerra, ehunka hildako eta zauritu eragiten ari dena. Cerrillok esan du larunbat goizaldean hasi zela bere bizitzako «esperientziarik okerrenetakoa», eta atzo goizean bukatu zen, Hondarribiko aireportura (Gipuzkoa) iritsi ahal izan zenean.
«Israelera lanera joatea onartu nuenean abisatu ziguten alarmak [bonba abisuak] eta bonbak egongo zirela, baina ez ziguten azaldu —haiek ere ezin zutelako irudikatu— oraingoa bezalakorik gertatuko zenik», aitortu du Donostiako bere etxetik. Larunbat goizaldean hiru emozio nagusitu ziren bere etxean. Lehenik, lasaitasuna: «06:30 aldera hasi zen, eta hasieran pisukideak eta ni lasai geunden. Esan genuen: ‘Alarma bat da, bonbak eroriko dira, eta kito’». Bigarrenik, kezka: «Kezkatzen hasi ginen ia lau orduz egon zirelako alarmak eta bonbak, eta albistegia ikustea erabaki genuen». Azkenik, beldurra: «Gertatzen ari zen guztia ikusi genuenean hasi ginen beldurtzen».
Lehenengo egin zuten gauza haien etxeko bunkerrean sartzea izan zen; etxe askok dute. «Gela bat da, baina kanpotik metalez dago indartuta. Bahiketak saihesteko, etxeko atea itxi genuen, eta mahai bat jarri genuen haren kontra», azaldu du. Larunbat goizaldetik herenegungo eguerdira arte egon ziren bunkerrean.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.