Indar errepresiboen aurka manifestatu dira Donostian
Urriaren 12ko Hispanitatearen Egunari aurre egiteko, manifestazioa egin dute 30 bat lagunek Donostian, Aske antolakundeak deituta. Indar errepresiboak suntsitu! lelopean manifestatu dira, Egiako epaitegietatik abiatuta. “Indar errepresiboak suntsitu”, “borroka da bide bakarra”, “independentzia eta sozialismoa” eta “jo ta ke, irabazi arte” oihukatzen joan dira bidetik, beste hainbat aldarriren artean. Bestalde, Gladys Enea parketik pasatu direnean, Egiako militante ekologista ezagunaren omenezko pankarta bat jarri dute parkeko hesian, Guardia Zibilak 1979an hil zuela gogoraraziz.
Manifestazioaren amaierako irakurketan, urriaren 12koa “Espainiako Estatuak inposatutako jaiegun bat” dela nabarmendu dute, baita “eskuak Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu dutenen odolez zikinduta dituztenak, eta Euskal Herri langileak pairaturiko zapalkuntza bermatzen duten guardia zibilak goraipatzen eta omentzen dituzten eguna” ere badela. Horrela, “argi” utzi nahi izan dute Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak Ertzaintzak, Foruzaingoak eta Jendarmeriak “Euskal Herrian lekurik ez dutela”: “Indar errepresibo horiek, Espainiako eta Frantziako Estatu kapitalisten beso armatua izanda, Euskal Herria zapaltzen dute”.
Gaineratu dutenez, “Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen helburua da Euskal Herriaren nazio izaera gorpuzten duten baldintza objektiboak ezabatzea, asimilazio prozesua burututa. Euskal Herriko kultura bereganatu eta merkantilizatu dute, folklorera murrizteko helburuarekin. Halaber, gaztelania eta frantsesa inposatzen dituzte, euskara desagerpenera kondenatzen duen diglosia egoera elikatuz”. Horregatik, “urriaren 12a borroka egun bihurtu” behar dela aldarrikatu dute, “presente edukita egun hau eguneroko borroken jarraipena izan behar dela”. “Ezinbestekoa da Euskal Herriko langileok, eguneroko lanaren bitartez, euskal estatu independente eta sozialista eraikitzea, beharrezkoak diren baldintzak sortuz eta hori ahalbidetuko duen prozesu iraultzailea elikatuz”, gehitu dute.
Horretarako, “prozesu iraultzailea martxan jarriko duen Jardun koordinakundea elikatzea eta bertan parte hartzea” beharrezkotzat jo dute: “Soilik Euskal Herri langileak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak borrokatzen dituen proiektu integralaren bidez eskuratu ahal izango da Euskal Herriaren askatasuna; euskal estatu independente eta sozialistaren baitan egikarituko dena, eta, bide batez, Euskal Herri langilea errepresioaren bitartez azpiratuta mantentzen duten indar errepresiboak suntsitzea bermatuko duena”.