Parte Zaharra ala Parte Zaborra?
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak auzoko hondakinen kudeaketa salatu du beste behin, oraingoan behean ikus dezakezuen bideoaren bidez. Askotan salatu izan dute auzoan zabor poltsa zein bestelako hondakin ugari pilatzen direla kalean, eta horrek kalte handiak sortzen dizkiela bizilagunei.
“5.800 bizilagun dituen bizitegi zonan nola egon daiteke hainbeste zabor?”, galdegin dute bideoan. Eta, zabor kopuru handiak sortzen dituzten arrazoiak gogorarazi dituzte: “Auzoan dauden ostalaritza establezimenduak zenbatu behar dira: 200 dira. Zenbatu auzoan egiten edo amaitzen diren jarduera baimenduak: Behobia-Donostia 30.000 parte hartzailerekin, Maratoia 6.000 lagunekin, bi Maratoi Erdiak, Donostiako Klasikoa, Frantziako Tourra, azoka, jaiak… Eta, zenbatu zerrendatu turismoa atsedenik gabe bultzatzeko kanpainak, Parte Zaharra pintxoaren Meka bihurtuz”.
Horrela, salatu dute gaur egungo turismo eredua ez dela jasangarria, eta desazkunderantz joateko beharra nabarmendu dute.