Parte Zaharreko 122 toldo kentzeko hilabeteko epea eman du udalak
Donostiako Udalak Parte Zaharreko 122 toldo kentzeko agindua eman du, eta agindua betetzeko hilabeteko epea eman die toldo horiek dituzten establezimenduei. EAEko Auzitegi Nagusiaren epai irmoa betearazten du horrela udalak, eta dagoeneko jakinarazpena pasatu die toldoak kendu behar dituzte ostalariei.
Prozesua 2018ko urtarrilaren 29an hasi zen, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Arartekoan salaketa aurkeztu ondoren, Donostiako Udalak Parte Zaharreko hainbat establezimenduri agindu zionean udal lizentziarik gabe jarritako toldoak kentzeko eta fatxadak lehengoratzeko. Handik urtebete ingurura, 2019ko martxoaren 5ean, Hirigintza Sailak 600 euroko isunak jarri zizkien agindua bete ez zuten establezimenduetako arduradunei, baina erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak, isuna jaso zuten 42 ostalariren izenean. Aurtengo martxoan, EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu helegite hori, eta, beraz, berretsi egin zuen toldoak jartzeko debekua, eta uztailean atera zuen epai irmoa.
Parte Zaharreko Monumentu Multzoaren izendapena dela eta, ezin dira fatxadak zulatu, eta, beraz, ezin da toldorik jarri hormetan eutsita. Gainera, auzo elkarteak hainbatetan salatu du toldoek oztopatu egiten dutela larrialdietako ibilgailuak –anbulantziak, suhiltzaileen kamioiak, eta abar– auzoko kaleetatik behar bezala mugitu ahal izatea.