Txuri Berri taldeak Munduko Curling Txapelketa Mistoan hartuko du parte
Urriaren 14tik 21era Munduko Curling Txapelketa Mistoa ospatuko da Aberdeenen (Eskozia), eta Txuri Berri klubeko talde mistoak, Espainia ordezkatuko du. Hala, Leire Otaegi, Mikel Unanue, Oihane Otaegi eta Sergio Vez gainerako 33 taldeen aurka lehiatuko dira. Txuri Berri taldeak esperientzia du halako lehiaketetan, eta goranzko joera izan duen ibilbidea egin dute azken urteotan: modalitate mistoko Espainiako egungo txapeldunak dira eta 2018an munduko txapeldunorde izan ziren.
Lehiaketari dagokionez, lau taldetan (beltza, berdea, urdina eta gorria) banatu dira herrialdeak eta donostiarrei urdina egotzi zaie. Gauzak horrela, Brasil, Austria, Alemania, India, Estatu Batuak, Italia eta Estoniako selekzioak izango dituzte aurkari. Multzoen lehen fasea round robin formatuan egin ondoren (denak denen aurka), talde bakoitzeko lehen hirurak hurrengo fasera igaroko dira. Multzo bakoitzeko lehenengoak salbuespena izango dira, zuzenean igaroko baitira final laurdenetara, eta gainerako hamabiekin zerrenda bat egingo dute, sailkapen partida egiteko. Sailkapen partidak gaindituz gero, finalerdiak eta finala jokatuko du Donostiako taldeak hilaren 21ean.