Kaleak apaintzeaz haragoko egitasmoa
Donostia Apain egitasmoa egin dute beste urte batez, oraingoan Bidebietan. Lau horma irudi egin dituzte auzoan, eta horietako bitan hartu dute parte Sandra Garayoak (Gros, 1993) eta Jon Saenz del Castillok (Gros, 1987).
2019an hasi zen gaur egun Donostia Apain gisa ezagutzen dugun egitasmoa. Olatu Talkaren barruan, Loiola Apain antolatu zuten, eta zazpi esku hartze egin zituzten auzoan zehar. Gerora etorri ziren Altza, Martutene, Amara, eta, aurten, Bidebieta. Zësar Bahamonte, Xoana Almar —Miguel Peraltarekin batera—, Sandra Garayoak eta Zebrak kolektiboak mural bana egin dute auzoan. Kontadores eraikinean, kiroldegian, frontoian eta fatxada pribatu batean egin dituzte horma irudiok. Irailaren erdialdean hasi ziren margotzen, eta dagoeneko bukatuta dituzte euren lanak.
Jon Saenz del Castillo Zebrak kolektiboaren parte da, baina baita Zaldi Urdina arte eskolako kide ere. Azken horrek eraman du aurtengo egitasmoaren komisariotza artistikoa, eta euren helburua artea eta artistak balorean jartzea izan dela aipatu du. Auzoetako pareten ezaugarriak ere nabarmendu nahi izan dituzte: «Paretak denontzat daude ikusgai, baino inork ez du arretarik jartzen pareten ezaugarrietan, paretek kontatzen ez dituzten gauza horietan».
Hasieran, Garayoarentzat «erronka» izan zen enkargua aurrera eramatea, baina emaitzarekin «gustura» geratu izanaren soseguz mintzo da orain: «Nik ez daukat esperientzia handirik eta hasieran beldur pixka bat eman zidan, baina gero ondo moldatu naiz». Garayoa «oso eskertuta» dago Zaldi Urdinarekin, bere lana «inolako mugarik gabe» egin ahal izateko aukera eman diolako: «Niretzat opari bat izan da».
Horren arrazoia eman du Saenz del Castillok: «Guk artisten lana baloratzen dugu: badakigu profesionalak direla eta lan on bat egingo dutela. Horregatik ez dugu zehaztu behar gairik, guk haien lanetan sinisten dugulako». Artistei auzoaren ezaugarriak baino ez dizkietela azaltzen nabarmendu du.
Sormen prozesua, bakoitzak bere estilora
Artista bakoitzak lan bati aurre egiteko estilo propioa du. Batzuek, Zebrak kolektiboak esaterako, tarte handia uzten dute inprobisaziorako: «Asko gustatzen zaigu paretaren ezaugarrietara moldatzea». Euren kasuan, paretek artelanak estilo batera eramaten dituztela adierazi du Saenz del Castillok. Hain zuzen, honetan guztian «paretarekiko elkarrizketa» da kolektiboari gehien interesatzen zaiona: «Emaitzak ere badu bere garrantzia, noski, baina guretzat prozesua da garrantzitsua».
Garayoak ere ez dio uko egiten bide horri, baina oraingo honetan bozetoari lotu zaio. Zirriborro hori sortzerako garaian, norberaren iruditeriak zeresan handia duela adierazi du Garayoak, eta horrek eramaten duela artista gauza bati edo besteari buruz margotzera: «Arrazionalki ez dut asko pentsatu, baina dena dator nonbaitetik». Iruditeria hori artistaren izaerari hertsiki lotuta ikusten du Garayoak, «izaeraren ispilu» dira. Bere lanetan naturak presentzia handia izan ohi du, eta hala da oraingoan ere. Esanahiak , ordea, askotarikoak izan daitezkeela aipatu dute biek, «bakoitzak bere esanahia» emateraino.
Horri lotuta, Saenz del Castillok dio askotan jendarteari «kosta» egiten zaiola ulertzea zenbait artelanek esanahi zehatzik ez edukitzea: «Artistak agian ulertuko du, badakielako nondik egin duen, eta jendeak erabakiko du gustuko duen edo ez». Ildo horretatik, «galderak eta eztabaidak sortzen dituen artea» aldarrikatu du Saenz del Castillok.
Zebrak kolektiboak, taldean lan egiten duenez, prozesuak ere horretara egokitzen ditu. Hasieran, kolektiboko kide bakoitzak bozeto bat lantzen du. Gero, bakoitzaren lana taldearekin elkarbanatzen da, eta denon artean erabakitzen dute zeintzuk diren gairik interesgarrienak. Horien arteko nahasketa bat egin, eta bertatik ateratzen da amaierako zirriborroa. Dena den, beti ezin izaten dute metodologia hori erabili: «Batzuetan denok ezin dugu parte hartu, eta kasu horietan batek proposatzen du eta ideia horrekin egiten dugu aurrera».
Artisten arteko sarea sendotzeko aukera
Donostia Apainenlau artistek hartu dute parte oraingo honetan: Zebrak kolektiboa eta Sandra Garayoa donostiarrak dira, baina Zësar Bahamonte andaluziarra da, eta Xoana Almar galiziarra. Komisariotza artistikotik apustu egin dute egitasmoaren bitartez artisten artean sinergiak sortzeko. «Oso interesgarria da hainbat artista ekartzea aldi berean», aipatu du Saenz del Castillok. Bakoitzak bere «testuingurua» duela dio Garayoak, eta hori ezagutzea oso aberasgarria dela.
Esperientzia gehiago eta gutxiago duten artistak elkartzeak batak bestearengandik ikasten eta eztabaida berriak sortzen laguntzen du. «Nik gauza pila bat galdetu ditut», onartu du Garayoak, eta horrek irakaspen berriak ekartzen dizkio artistari, hurrengo lanetarako baliagarriak egingo zaizkionak.
Gainera, aurten lanaz gaindikoari ere garrantzia eman nahi izan dio Zaldi Urdinak. Murala margotzen aritu diren egunetan, ordu asko pasatu dituzte elkarrekin, eta horrek artisten artean «beste lotura batzuk» sortu dituela aipatu du Garayoak. «Giro polita sortu zen, eta hori oso gutxitan gertatzen da», gehitu du Saenz del Castillok. Are gehiago, Saenz del Castilloren esanetan, giro horrek laguntzen du artistek euren onena eman dezaten.
Auzotarrekin ere sortzen dira hartu-emanak, eta horrek bizilagunek kaleko artearekiko izan dezaketen begirada aldatzea dakarrela dio Saenz dek Castillok: «Bat-batean, emaitza artistikoa ona denean, auzotarren ikuspuntua eraldatzen da, eta onartzen dute kalean artea ikustea, margoa ikustea».