Asensio ikertzen ari dira, ingurumenaren aurkako delitua leporatuta
GuraSOS plataformak jakinarazi duenez, Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatua ikertzen ari da Gipuzkoako 5. Instrukzio Epaitegia, Zubietako erraustegiari lotutako ustezko irregulartasun batzuengatik. Ingurumen Fiskaltzak abiatu du ikerketa, eta eginbide berean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) bi goi kargu ere inputatu dituzte.
Asensio ustezko bi deliturengatik ari da ikertua izaten: ingurumenaren aurkako delituarengatik eta dokumentuak faltsutzeagatik. Fiskaltzaren salaketek GuraSOSek egindako dokumentu bat dute oinarri. Bertan zehazten denez, Zubietako erraustegiak hondakin arriskutsuak sortu zituen 2022an, baina eraikinak ez du horretarako baimenik.
Gainera, hori egin izana “ezkutatzeko”, GHK-k “modu kontzientean” hondakin kode bat eta kontzeptu bat “oker” eman zituen, eta hondakin horien zati bat Artaxoara (Nafarroa) bideratu zuen kontsortzioak, hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenik ez duen enpresa batera.