Bueltan da Musikauzoan Bidebietako musika jaialdia
Bideak auzo elkarteak Bidebietako Musikauzoan musika jaialdia berreskuratu du, eta asteburu honetan eta hurrengoan antolatu dituzte kontzertuak. 2021ean antolatu zuten estreinakoz Bidebietan jaialdi hori eta Zinebide zinema zikloa, baina iaz ezin izan zituzten egin, “arazo teknikoengatik eta aurrekontu arazoengatik”. Ordea, aurten, biak berreskuratzea lortu dute.
Ostiral honetan (hilak 20) hasiko da jaialdia, eta Los Poetas Tuertos taldeak joko du, Serapio Mujika pasealekuko 25. zenbakian (Erreka tabernaren inguruan), 20:00etan. Bestalde, larunbatean Rockin Velvet bikoteak joko du, ordu berean, Kayak eta Zumardi tabernen plazatxoan (Zumardi pasealekua, 24-26).
Hurrengo asteburuari dagokionez, ostiralean (hilak 27) No Soy Paris artistak joko du Nornahi plazan 20:00etan. Ordu berean baina larunbatean, La Ola Maldita taldeak joko du, Julio Urkijo pasealekuko 41. zenbakian, Aloha eta Guardaplata tabernen inguruan.