Etxez etxeko liburutegi zerbitzua jarriko du martxan Donostia Kulturak
Donostia Kulturako liburutegiek liburuak eta beste materialak etxera eraman eta bertatik jasotzeko mailegu zerbitzua jarri dute martxan. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei bideratutako ekimen hau doakoa izango da, eta Helduen Hitza (55 urtetik gorakoentzako irabazi asmorik gabeko elkartea) erakundeko boluntarioek egingo dituzte joan etorriak, liburuak etxera eraman eta bueltatzeko.
Oraingoz, Liburutegi Nagusiak, Ernest Lluch Kultur Etxeko Liburutegiak eta Okendo Kultur Etxeko Liburutegiak eskainiko dute zerbitzua. Erabiltzaileak, gehienez, hamazazpi dokumentu hartu ahal izango ditu maileguan aukeratutako liburutegitik: bost liburu, bost liburu umeentzako, hiru CD, hiru DVD, bideojoko bat eta bost aldizkari (Liburutegi Nagusian izan ezik). Zerbitzuaren baldintzak, gainera, gainerako kasuetako berdinak izango dira.
Etxez etxeko zerbitzuaz gozatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Donostia Kultura txartela izatea (edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko beste bat), eta aldez aurretik izena ematea. Zerbitzua eskatu ostean, liburutegiak eskaera aztertuko du eta haren oniritzia jaso ondoren, liburuak, filmak, Cdak… eskatu ahal izango dira.